Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ortuzar: "Ez naiz EAJ oposiziora bidal dezakeen ezkerreko akordio baten beldur"
Andoni Ortuzar EBBko presidentea ez da ezkerreko alderdien balizko koalizio baten beldur, eta Euskadin akordio hori lortzeko dagoen benetako asmoa zein den galdetu du.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Andoni Ortuzarren esanetan, "Elkarrekin Podemosi nazka ematen dio EAJ agintean egotea, baina ez dio nazkarik ematen Sanchezen inbestidura ahalbidetu eta Iglesias presidenteorde izatea posible egin duten jeltzaleen sei botoak". EBBko presidenteak ziurtatu duenez, ezkerreko alderdien balizko koalizioaren atzean EAJ boteretik kentzeko asmoa dago. Hala, euskal hauteskundeetara euskal alderdiak eta ez Madrilera begira dauden koalizioak aurkezteko nahia adierazi du.
Apirilaren 5eko hauteskundeen ostean sinatu daitezkeen balizko itunei dagokienez, Ortuzarrek esan du emaitzen berri izan ostean hasiko direla alderdiekin hitz egiten, eta aldaketarik ez badago, gobernua eratzeko arazorik ez izatea espero du. Jeltzaleen zerrendei dagokienez, emakumeen presentzia indartu dela nabarmendu du Ortuzarrek, baina baita belaunaldi berriena ere.
Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren kudeaketari dagokionez, Urkulluren hitzak gogora ekarri ditu Ortuzarrek, eta EAJri enpatia falta leporatu izana deitoratu du. Azkenik, transferentzien egutegiari dagokionez, adostutakoa betetzea espero duela nabarmendu du Ortuzarrek.