Politika -

Euskobarometroa

Ekonomia da kezka nagusia, EAEko herritarren % 60rentzat

Herritarren % 56k, gainera, ez du gainditutzat jotzen Patxi Lopezen Gobernuaren kudeaketa, Euskobarometroak jasotzen dituen ondorioetako batzuk dira.

Ekonomia EAEko herritarren kezka nagusia

01:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpleguarekin arazoak (% 26), etxeko ekonomia (% 25) edota diru-sarreren murrizketak dira Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren arazo nagusiak, azken Euskobarometroak jasotzen duenez.

EHUko Zientzia Politikoen Sailak maiatzaren 27a eta ekainaren 17a bitartean 1.200 herritarri egindako galdeketak agerian utzi duenez, gizarteak ezadostasun nabarmena du klase politikoarekin eta agintariekin. Ezkortasuna gailentzen den ingurumari horretan, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketak jasotako balorazioa nabarmentzen da.

EAEko herritarren % 56k ez dute balekotzat eman Patxi Lopez buru duen Gobernuaren kudeaketa eta % 78k konfiantza "gutxi" edo "batere konfiantzarik ez" dute lehendakariaren Exekutiboak arazoei aurre egiteko duen ahalmenaren aurrean.

Hala, herritarren % 15k baino ez dute balorazio positiboa egin eta egungo Jaurlaritzaren kudeaketari herritarrek emandako kalifikazioa 3,5ekoa izan da. Nota hori PPren boto-emaileek (4,7) eta botoa Ezker Batuari eman ziotenek (4,7) baino ez dute hobetu, eta hauteskundeetan PSE-EEren alde egin zutenek bakarrik eman dute gainditutzat (6,3).

Bestalde, herritarren % 67 ez dago ados Patxi Lopezek gidatzen duen Gobernuari "egonkortasuna emateko" sozialistek eta popularrek adostutako itunarekin; %16, berriz, hitzarmen horrekin ados agertu dira.

Nota txarra politikari guztientzat

EAEko herritarrek ordezkari politikoen inguruan duten iritzia ez da ona, inork ez baitu gainditu. Hala ere, azken sei hilabeteetan apur bat hobera egin du puntuazioak, Patxi Lopez, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Rodolfo Ares eta Antonio Basagoitiren kasuan salbu.

Beste behin, Aintzane Ezenarro Aralarko bozeramailea da ordezkari politiko guztien artean baloraziorik altuena jaso duena, 4,9 puntu jasota.

M-22ko emaitzak

Herritarren % 56k uste du Bilduk maiatzaren 22an eskuratutako emaitzek indarkeria behin betiko amaitzen lagunduko dutela, baina % 58k iritzi dio ezker abertzaleak ildo horretan eman dituen azken pausoak ez direla nahikoak. Halaber, EAEko herritarren % 54 ez daude ados Auzitegi Gorenak Sorturi alderdien erregistroan izena ematea debekatzearekin eta herritarren % 64 ados daude Auzitegi Konstituzionalak Bildu koalizioa maiatzaren 22ko hauteskundeetan izateko hartutako erabakiarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea