Politika -
'Faisan auzia'
Poliziaburuei ETAri laguntzeko delitua kentzeko eskatu du Fiskalak
Hala ere, auziak "zigor legegintza arrunteko" epaitegi batean aurrera jarrai dezala eskatu du Fiskalak estaltze eta informazioa zabaltzeko delituengatik.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Faisan auzian auzipetuta dauden hiru poliziaburuei ETAri laguntza eman izanaren delitua erretiratzeko eskatu dio Pablo Ruz epaileari.
Carlos Bautista fiskalaren idatziak jasotzen duenez, Victor Garcia-Hidalgo, Espainiako Poliziaren zuzendari ohiaren, Jose Maria Ballesteros, Arabako Informazio Brigadako inspektorearen eta Enrique Pamies, EAEko Poliziaburuaren "ideologia ez dator bat" ETAren helburuekin. Hala, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentzia jarraituaz gero, kolaborazioaren delitua baliogabetzen dela azaltzen du fiskalak txostenean.
Hala ere, auziak "zigor legegintza arrunteko" auzitegi batean aurrera jarrai dezala eskatu du Fiskalak estaltze eta sekretupeko informazioa zabaldu izanaren delituengatik, eta beraz, Irungo epaitegiaren esku geratuko litzateke auzia.
Joan den uztailaren 13an Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak ETAri laguntza ematea eta sekretupeko informazioa zabaltzea egotzita auzipetu zituen hiru polizia-buruak.
2006ko maiatzean ETAren estortsio sarearen aurkako polizia-operazio bat prest zegoen, baina Irungo Faisan tabernan atxiloketak izango zirela ohartarazi zuten eta operazioa bertan behera utzi behar izan zuten.
Joan den asteartean, uztailaren 19an deklaratu zuten hiru auzipetuek Auzitegi Nazionalean, eta ETAri lagundu izana ukatu zuten.