Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aresek baztertu egin du ETAk amaiera iragartzea epe laburrean
Herrizaingo sailburuak ez du baztertu ETAk agiria publikatzea laster, baina, bere iritziz, "argudioei eusteko" izango litzateke. Halaber, "onartezin"tzat jo du balizko agiria hauteskundeekin lotzea.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du ez dela "baztertu" behar ETAk agiri bat publikatzea laster, baina guztiz ukatu du helburua amaiera iragartzea izango dela.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Aresek iritzi dio balizko agiri horretan erakunde terroristak "argudioei eutsi" egingo liekeela.
Halaber, "onartezin"tzat jo du ETAren balizko agiria hauteskunde orokorren datarekin lotu nahi izatea.
Izan ere, azken egunetan, hainbat egunkarik esan dute Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea ETAk amaiera iragarri arte itxaroten ari dela, hauteskunde orokorren data erabakitzeko.
Horren ildotik, Aresek ohartarazi du hori "interpretazio interesatua eta onartezina" dela, eta ez duela zerikusirik "errealitatearekin".
Bildu
Bildu erakundeetatik egozteko aukeraz, Herrizaingo sailburuak gogorarazi du koalizio abertzalea "Auzitegi Konstituzionalaren erabaki baten ondorioz" aurkeztu ahal izan zela hauteskundeetara, eta, beraz, "ordezkaritza izateko eskubidea dauka".
Dena dela, Bilduko ordezkariek "legea urratuko balute", erakundeetatik botatzeko "mekanismoak" daudela nabarmendu du.
Gainera, Bilduk ordezkaritza izatea EAJri egotzi dio. "PSEk Bilduk Gipuzkoan eta Donostian ez gobernatzeko proposamena aurkeztu zion, baina ez zuen onartu. EAJk interes alderdikoiak lehenetsi zituen".
Arabako ustezko ustelkeria
Aresek "De Miguel" auzia ere hartu du hizpide.
Sailburuaren hitzetan, ustezko ustelkeria sareak EAJrekin lotura zuen aztertu arte itxaron behar dute, baina auzipetuetako batzuek "Arabako EAJn ardurak" zituztela gogora ekarri du.
Etorkizun pertsonala
Azkenik, etorkizun pertsonalari buruz galdetu diotenean, Aresek erantzun du "helburu pertsonal guztiak" bete egin dituela, eta "euskal politikan" jarraituko duela. "Ez dut zalantzarik", erantsi du.