Politika -
Ebazpena
Kale borrokagatik zigortutako bi lagun absolbitu ditu Auzitegi Gorenak
Eneko Ostolazak eta Borja Oreguik aurkeztutako helegitea aintzat hartu du Auzitegi Gorenak, delitu hori egin zutenik probatzeko zantzu nahikorik ez dagoela argudiatuz.
Erredakzioa
Markinako autobus bat erretzen saiatzeagatik auzipetutako bi gazte absolbitzea erabaki du Auzitegi Gorenak, errudun direla ziurtatzeko proba nahikorik ez dagoela argudiatuz. Delitu beragatik, Auzitegi Nazionalak 4 urteko kartzela zigorra ezarri zien bi gazte horiei.
Eneko Ostolazak eta Borja Oreguik aurkeztutako helegitea aintzat hartu du Auzitegi Gorenak, delitu hori egin zutenik probatzeko zantzu nahikorik ez dagoela argudiatuz.
Auzitegi Nazionalak iragan azaroan ezarritako zigorra, beraz, bertan behera utzi du Auzitegi Gorenak. Epaileak azaldu duenez, gazteak absolbitu egin ditu, polizia egoitzetan besterik ez zutelako delitua aitortu.
Miguel Colmenero epaileak zuzendutako epaiaren arabera, Oreguik komisaldegian egindako deklarazioak "oso denbora gutxian" egin ziren. Horrez gain, Oreguik medikuei tratu txarrak jaso zituela esan ziela gogoratu du epaileak bere ebazpenean.
Epaileek azaldu dutenez, Oreguiren etxean aurkitu zuten egurrezko tiragomak, txanoak, buru-berokiak edota biserak ez lukete frogatuko gazteak erasoan parte hartu izana.
Objektu horiek ''kale borroka''ko ekintzetan parte hartu duen pertsona batek erabili ditzakeela onartu dute epaileek, baina "eguneroko erabilerarako" tresnak ere badirela gogoratu dute. "Garrantzi handiagoko datuak behar izango genituzke", gaineratu dute.
ETAren, Askatasunaren, Euskal Herritarrok alderdiaren eta SEGIren pegatinak ere aurkitu zituzten Ostolazaren etxean. Gorenaren ustez, "pentsatzeko modu baten erakusle" izan daitezke, baina ez lukete erasoan parte hartu zuela frogatuko.