Politika -
Hauteskundeak, aurreratuta
Zapaterok azaroaren 20rako deitu ditu hauteskunde orokorrak
Hauteskundeen data orain iragarrita, hurrengo hilabeteetarako "segurtasun politikoa eta ekonomikoa" sortu nahi izan duela azaldu du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak baieztatu egin du hauteskunde orokorren data. Hain zuzen ere, azaroaren 20ra aurreratu ditu.
Hori horrela, hauteskundeak udazkenean izango dira, eta ez 2012ko martxoan, legegintzaldia bukatzen denean.
Moncloa Jauregian egindako agerraldi batean, Zapatero azaldu du hurrengo hilabeteetan "segurtasun politikoa eta ekonomikoa" sortzeko iragarri duela gaur hauteskundeen data.
Halaber, erabakia aspalditik hartua zuela gaineratu du.
Gobernuburuak berretsi du hauteskundeen data ez dutela ezarri "hauteskunde kalkuluak" oinarri, baizik eta "interes orokorra eta erantzukizun instituzionala" kontuan hartuta, Gobernu berria urtarrilaren 1etik har dezan ekonomiaren kontrola.
Hain justu, Rodriguez Zapaterok nabermendu du hauteskundeak aurreratzea "ona" izango dela ekonomiarekintzat, eta goratu egin ditu azken datu ekonomikoak, biztanleria aktiboaren inkesta eta defizitaren murrizketa, kasu.
Bere esanetan, joera positiboak segitu egingo du etorkizun hurbilean, eta Gobernuak eutsi egingo die hazkundea eta enplegua errotzeko konpromisoei.
Irailaren 26an Gorteak desegin baino lehen, Gobernuak legeak eta neurriak onartzen jarraituko duela iragarri du, eta gainerako taldeei "esfortzua" eskatu die, denak onartu ahal izateko.
Neurri gehiago abuztuan
Zapaterok zehaztu du neurri berriak abuztuaren 19an onartuko dituela, baina ez du azalpen handiagorik eman. Elkarteen gaineko zerga erreformatuko dutela baino ez.
Kazetariek galdera ugari egin dizkiote hauteskundeak erabakitzeko erabakiari buruz, nola hartu zuen eta nortzuekin hitz egin zuen, adibidez, baina Zapaterok ez du zehetasunik eman.
ETAren aurkako borroka
Zapaterok terrorismoaren aurkako borroka ere izan du hizpide, eta azken legegintzaldian ETAren amaierarako urrats "erabakigarriak" hartu dituztela azpimarratu du. Gainera, demokraten arteko batasunari eusteko dei egin du.
Espainiako Gobernuko presidenteak "balio demokratikoak guztiz errespetatzeko" eskatu die "erakundeetara itzuli direnei", hots, Bilduko ordezkariei, eta "terrorearen indarkeriaren azken txanpan" gaudela esan du.
Hori bai, egiteke "lan asko" dagoela erantsi du.