Politika -

RNEn elkarrizketa

Rubalcabak esan du ez diola 'uko' egingo Zapateroren garaiari

Hautagai sozialistaren ustez egungo Gobernuarekin "gauza batzuk ondo egin dira eta beste batzuk agian ez", baina garbi utzi du ez dela saiatuko jendeari Zapateroren ministro izan zela ahaztarazten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistak Zapaterok Gobernuaren buru egin duen lana defendatu du eta ez zaiola "justizia" egin azpimarratu du.

"Egia da orain Zapaterok politikako lehen lerroa uzten duela iragarri duela, gertatu den guztiaren errudun balitz bezala, baina denbora aurrera joan ahala, hori guztia argitzen joango da", gaineratu du.

Radio Nacional de Españan egin dioten elkarrizketan, Rubalcabak onartu duenez, egungo Gobernuak "gauza batzuk ondo egin ditu eta beste batzuk ez hainbeste", beraz "autokritika" egiteko beharra dagoela iritzi du, baina, argi utziz iraganari ez diola "uko" egingo. "Ez naiz saiatuko jendeari Zapateroren ministro izan nintzela ahaztarazten", gaineratu du.

Hauteskundeen aurrerapena

Espainiako Gobernurako hautagai sozialistak azpimarratu duenez, hauteskundeak aurreratzearen "azken" erabakia Jose Luis Rodriguez Zapaterorena izan da, baina aurrez berari kontsultatu ziola gaineratu du.

"Hainbatetan hitz egin nuen Zapaterorekin hauteskundeetarako data posible baten gainean", baina azken erabakia egungo presidentearena izan zela argi utzi du.

Orain beraz, "lehenengo planoan" bera egongo dela esan du Rubalcabak, PSOEko "lider" izango dela "ardura handiarekin". Modu horretan, aurreratu duenez, hauteskundeei begira zerrendak egitearen arduradun bakarra ez dela bera izango azaldu du baina egiten ari diren bitartean "esateko hitz batzuk" izango dituela gaineratu du.

ETAren amaiera

Azkenik, hautagai sozialistak baieztatu du "gauzak prestatuta" daudela, "hutsegiterik ezean", ETAren indarkeriarekin amaitzeko. "Beldurra emango lidake ETA amaituta dagoela irmotasun guztiarekin esatea, baina esan dezaket inoiz baino okerrago eta ahulago dagoela". Edozein kasutan, onartu du "duela hamar urte maiz hil eta beldurtzen zuen ETA ez da berriro ikusiko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea