Politika -

Koronabirusa

Alarma-egoera beste bi astez luzatzea eztabaidatuko du gaur Kongresuak

Osoko bilkura 15:00etan hasiko da, eta alarma-egoera luzatzeko gehiengo osoa behar da. ERC eta JxCat alderdietako ordezkariak abstenitu egingo dira.

Espainiako Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Espainiako Kongresua.
Espainiako Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak bost lege-dekretu eztabaidatuko ditu asteazken honetan, eta duela egun batzuk Espainiako Gobernuak koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko ezarritako alarma-egoera beste 15 egunez luzatzea onartuko du. Hemizikloan 45 diputatu inguru baino ez dira egongo, kutsatzeko arriskua saihesteko.

Alarma-egoera luzatzeko, gehiengo osoa behar da; beraz, Kongresura joango ez diren diputatuek telematikoki bozkatzea eskatu dute. Dirudienez, PSOE, Unidas Podemos, PP, Ciudadanos, EAJ, Mas Pais, Compromis, Navarra Suma, Coalicion Canaria, Nueva Canarias, Foro Asturias eta Teruel Existe alderdiek alarma-egoera luzatzearen alde bozkatuko dute. Testuinguru horretan, ERC eta JxCat alderdietako ordezkariak abstenitu egingo dira. Bestalde, EH Bilduk eta CUPek konfinamendua luzatzeko eskaera aztertzen jarraitzen dute.

Osoko bilkura 15:00etan hasiko da, eta alarma-egoera 15 egunez luzatzeko proposamenaz gain bost lege-dekretu eztabaidatuko dituzte: alde batetik, koronabirusak eragindako krisiaren aurreko bi lege-dekretu (landa-laguntzei eta pilatutako bajen ondoriozko kaleratzea indargabetzeari buruzkoak), eta, bestetik, COVID-19 gaitzaren ondorioak arintzeko asmoz Espainiako Gobernuak proposatu dituen neurriak jasotzen dituzten hiru dekretuak.

Diputatuek bost dekretuen alde edo kontra bozkatu beharko dute, baina, aldaketak jasotzeko, lege-proiektu gisa eztabaidatzen diren edo ez ere erabaki dezakete. Bestalde, alarma-egoera luzatzeari dagokionez, neurri horren irismena mugatzeko aurkez ditzaketen proposamenak eztabaidatu beharko dituzte taldeek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Gaixotasunak EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak CUP ERC Koronabirusa