Politika -
Koronabirusa
"Normaltasunera bueltatzeko plana" eskatu dio Urkulluk Sanchezi
Larrialdi egoera apirilaren 26 arte luzatzeko eskaerari babesa eman dio lehendakariak, eta Enplegu-politika Aktiboen afera lehenbailehen konpontzeko asmoa agertu du.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak "Normaltasunera bueltatzeko plana" zehazten joatea eskatu du, koronabirusak behartutako konfinamendu neurriak arintzen hasten direnerako. Eskaera Pedro Sanchez Espainiako presidenteari egin dio, Sanchezek Autonomia Erkidegoetako presidente guztiekin egin duen asteroko bideokonferentzian.
"Agertoki berriak aurreikusten hasi behar dugu, eta zirkulazioaren, garraioen, enpresen, hezkuntza eta aisialdirako zentroen, kirol instalazioen eta kultura ekitaldien jarduera berriro martxan nola jarriko ditugun jakiteko", esan du Urkulluk bere hitzaldian.
Halaber, lehendakariak babestu egin du Sanchezen gobernuak kongresuan alarma egoera apirilaren 26 arte luzatzeko aurkeztuko duen eskaerari. Gai horren inguruan, Urkulluk esan du etengabe aztertu beharko dutela alarma egoera horrekin lotuta dauden neurrien "aplikazioa egunetik egunera arintzen joatea, pertsonen mugikortasuna eta jarduera ekonomikoak berreskuratzeko bidean".
Epe luzera pentsatzeko beharra
Urkulluren iritziz, "lehentasuna birusa geldiaraztea eta arintzea da, eta ondorio latzenak pairatzen ari diren familiei laguntzea, osasun eta gizarte zerbitzuak indartzea eta adinekoei zein pertsona ahulei laguntza ematea".
Lehendakariaren ustez, giza baliabideak eta osasun materialaren horniketa "denbora luzean" beharko dira. "Eguneroko beharrizan berak izaten jarraituko dugu. Jarrai dezagun elkarlanean", eskatu du.
Enplegu-politika Aktiboak
Enplegu-politika Aktiboetan Espainiako gobernuak langabetuen formakuntzari zuzendutako dirua koronabirusaren aurka erabiltzeko hartu ostean sortutako polemikaren inguruan, lehendakariak gertatutakoa "deitoratu" du, eta Jaurlaritza eta Espainiako gobernua "egoera bideratzeko gai izatea" espero duela azpimarratu du.