Politika -
KORONABIRUSA
Otegi: "Neurriak berandu hartu zituzten batzuek presa dute ateratzeko orain"
EH Bilduko koordinatzailearen iritziz, osasun krisi honek argi utzi du "estatuak beharrezkoak direla jendea babesteko" eta "murrizketak utzi, eta sektore publiko indartsu bat bultzatu behar dela"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Agerraldi telematikoa egin du eguerdian Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaleak eta koronabirusaren aurrean neurriak berandu hartu zituztenek "krisitik ateratzeko presa" dutela orain salatu du.
Atzo Espainiako Gobernuak konfinamendua beste 15 egunez luzatzea proposatu ondoren, Pedro Sanchezek aste honetan eramango du luzapenaren proposamena Madrilgo Kongresura eta orain arteko jarrerarekin "koherente" izango direla aurreratu du Otegik, azken aldian abstenitu egin zirela gogoraziz.
Gaixotasunak hil dituenak eta haien senideak gogoratuz hasi du agerraldia (693 Hego Euskal Herrian jada) eta eskerrak eman dizkie "lehen lerroan borrokan ari diren osasun arloko langile horiei guztiei, garesti ordaintzen ari dira eta gainera".
Egoera gogorra dela adierazi du, neurriak zorrotzak direla eta EH Bilduk bat egiten duela "jendea erakusten ari den indarrarekin eta erantzukizunarekin".
Arnaldo Otegik esan du EH Bilduk hasieratik adierazi zuela "osasun publikoko krisia zela, baina krisi ekonomiko eta sozialarekin batera zetorrela, eta, beraz, aurre egiteko neurri zorrotzak behar zirela".
"Esan genuen osasuna-ekonomia dikotomia faltsua zela, bi gaiek kezkatzen gaituztela, eta kezka horietarako guztietarako proposamenak egin genituen, ahalik eta modurik egokienean ateratzeko prestatzeko", adierazi du, eta gaineratu du ez dagoela inbertsio ekonomiko hoberik "osasun publikoa lehenestea eta pandemia geldiaraztea baino".
Aitzitik, Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuetan "neurrietara berandu eta gaizki iritsi den jendea" egon dela kritikatu du, eta, era berean, enpresa sektoreen eta alderdi politiko baten "matxinada" salatu du -EAJri erreferentzia eginez-, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoen etenaldia "atzeko atetik" indargabetzen saiatzeko.
"Hala ere, agerian geratu da herritarrei esker funtzionatzen dutela neurri drastikoek; izan ere, zenbat eta jende gutxiago mugitu orduan eta zailagoa da birusa transmititzea", gaineratu du.
Konfinamenduaren ondorengo
Testuinguru horretan, konfinamendu osteko fasea "mailakatua" izan beharko dela ohartarazi du, baina hori aurrera eramateko eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeko, beharrezkoa izango da "prestatu eta neurriak hartzea orain bigarren fase hori bermeekin hasteko".
"Hasieran berandu iristen zirenak amaierara oso azkar iritsi nahi dutela pentsatzen dugu, eta hori arduragabekeria larria izan daiteke, berriro konfinamendu orokorrera itzuli behar izateko arriskua baitago", ohartarazi du.
Hala, konfinamendu masiboaren ondorengo faseari aurre egiteko, tresna berriak behar direla azpimarratu du: "Test masiboak, populazioaren zein zati den immunea eta nork kutsatuta jarraitzen duen jakiteko", eta "tresna digital bat, ez kontrol sozialerako, baizik eta birusarekin kutsatutakoen jarraipena egiteko eta infekzio foku berriak antzemateko".
Susperraldi ekonomikoa
Alderdi ekonomikoari dagokionez, EH Bilduko buruaren ustez, egungo krisiak erakutsi du "zergak jaisteak eta zerbitzu publikoak pribatizatzeak gaur egungoa bezalako egoeretara eramaten gaituztela eta ez dute herritarrak babestea bermatzen".
Hori dela eta, "komunitate nazional bizia eraikitzearen alde" egin du, "eredu demokratiko eta sozial aurreratu baten pean"; izan ere, krisiak krisi, "estatuak beharrezkoak dira jendea babesteko".
"Euskaldunok ere gure industria, ekonomia eta gure jendea babestuko duen Estatua behar dugu. Horregatik, behin konfinamendutik atera eta jarduera ekonomikoa suspertzen hasitakoan, beharrezkoa ikusten dugu burujabetzatik abiatuta bigarren eraldaketa bat martxan jartzea gure herriarentzat arlo ekonomiko eta sozialean. Gizarte berri bat, sektore publikoa indartsua izango dena eta gobernantza eredu ezberdina izango duena ", gaineratu du.
Moncloako itunak
EH Bilduk 'Moncloako Itun' berri batzuetan parte hartzeko aukerari dagokionez, Otegik iragarri du koalizio abertzalea ez dela "egongo". Otegiren ustez, euskal herritarrek ez dute "Madrilera joan beharrik Espainiako sindikatu eta enpresaburuekin negoziatzera gure herrian behar ditugun irtenbideak".
Ildo horretan, azpimarratu du koalizio subiranistak Nafarroan eta EAEn bi mahai eratzea proposatu duela, alderdi politiko, enpresaburu eta sindikatuen parte-hartzearekin. "Hau egin beharko genuke. Ez luke zentzurik hemen ez egiteak eta Estatuan estrategia bat diseinatzeak. Itun horiek birzentralizazioa, eskubide murrizketa eta formula neoliberaletara itzultzea ekarriko dute ", iragarri du.