Politika -

KORONABIRUSA

Egoitzak "lehentasuna" direla dio Rementeriak

Gainera, Bizkairako "premiazko suspertze plan bat" amaitzen ari direla ziurtatu du.

Unai Rementeria. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Unai Rementeria
Unai Rementeria. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du, une honetan, Aldundiaren "erabateko lehentasuna" egoitzak direla, "egun giltzarriei" aurre egiten ari direnak. Halaber, Aldundia suspertze plan bat amaitzen ari dela iragarri du, Bizkaiak krisitik ateratzeko prozesua "bizkortzeko", eta horrek "beharrezkoak diren baliabideak" izango dituela, bilketaren jaitsiera "ukaezina" izan arren.

Agerraldi telematiko batean, une honetan Gobernuaren "erabateko lehentasuna" adinekoen egoitzak direla azpimarratu du Rementeriak, Covid-19ak 460 positibo eman baititu egoiliarren artean, eta horietatik 114 ospitaleratuta daude.

Ahaldun nagusiak azaldu duenez, "premiazkoa dena" kudeatzeaz gain, Bizkaia "hurrengo egunerako" prestatu behar da, izan ere, "ezin dugu minutu bat ere galdu, prest hartu behar gaitu".

Ildo horretan, "krisi honen irteera eta normaltasunera itzultzea bizkortzeko, ekonomia eta enplegua suspertzeko eta okerren pasatzen ari diren kolektiboei laguntzeko premiazko plana" amaitzen ari direla esan du. 'Bizkaia Aurrera' planak "pertsona guztiak eragile aktibo" izatea du helburu, eta gizartearen "lokomotora" izatea, "Bizkaia denbora errekorrean altxatzeko".

Rementeriak planak "beharrezkoak diren baliabideak" izango dituela ziurtatu du barne hartzen dituen ekintzak aurrera eramateko, baina "ukaezina" dela zerga bilketan jaitsiera gertatuko dela onartu du: "Errealitate horrekin gure kontuak egin beharko ditugu". Nolanahi ere, "uneren batean administrazioak zorpetu behar badira, hau da une egokia", gaineratu du.

Aurrekontuetan egin daitezkeen aldaketei dagokienez, Covid-19aren krisiak "pentsatuta zenuena aldatuko" duela onartu du, baina administrazioetatik "inbertsio produktibo publikoa" mantentzearen alde egin du. Hala, itsasadarraren azpiko tunelaren eraikuntza bezalako proiektuak mantentzearen alde egin du. Nolanahi ere, proiektua ez zela "aurten hastekoa" esan du.

Rementeriaren "autokonplazentzia" salatu du EH Bilduk

Bea Ilardia EH Bilduko Bizkaiko bozeramaileak Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia kritikatu du: "Diskurtso autokonplazientea da, eta errealitatetik urrun dago, adinekoen egoitzen egoera larria dela eta, heriotzen kopuruak gora egin baitu".

Ohar baten bidez, Ilardiak "gaizki eta berandu jarduteari uzteko eta neurri eraginkorragoak hartzeko" deia egin du, "kolektibo ahulenetako baten osasuna eta haiek zaintzeko ardura duten langileena bermatzeko".

Zentzu horretan, Rementeriak "erabateko lehentasuna egoitzak" direla esan izana deitoratu du, "baina gero ez die emakume langileen eskaerei jaramonik egiten". "Lehentasuna egoitzak badira, Aldundiak bat etorriz jokatu beharko du", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Bizkaia Gaixotasunak EH Bildu Unai Rementeria Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia