Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Rubalcaba: 'Bilduren jarrera ETArekiko ez da hain zorrotza orain'

Rubalcabak deitoratu du hauteskundeen ostetik Bilduk ETAri buruz egindako adierazpenak "lehen bezain zorrotzak" ez direla. Bestalde, "ETAren indarkeriaren azken metroak" bizi ditugula esan du.

Alfredo Perez Rubalcaba Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute. Argazkia: EITB
Alfredo Perez Rubalcaba Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute. Argazkia: EITB
Rubalcaba: 'ETAren indarkeriaren azken metroak bizi ditugu'

03:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcabak uste du ETAk atentaturik egin gabe bi urte daramatzan arren, su-etena behin betikoa dela eta armak betirako utziko dituela pentsatzeko nahikoa ez dela.

"Egia da atentaturik ez dagoela, estortsio gutunak bidaltzen ez direla eta ''kale borroka'' ia erabat desagertu dela, baina ETA bizirik dago", ohartarazi du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Espainiako Barne ministro ohiak esan du "ETAren indarkeriaren aurkako azken metroak" egiten ari direla, baina "hankarik ez sartzeko" zuhur jokatu behar dela nabarmendu du. "Gauzak ondo egiten baditugu, laster ikusiko dugu ETAren amaiera", erantsi du.

Rubalcabak onartu du "gauzak geldi" daudela ematen duela eta, besteak beste, Bilduk azken hilabeteotan diskurtsoa aldatu duelako dela adierazi du. "Hauteskundeak baino lehen ETArekiko adierazpen zorrotzagoak egiten zituzten eta orain diskurtso hori ez da horren zorrotza", deitoratu du.

Nolanahi ere, testuinguru honek oinarria aldatzen ez duela esan du. "ETA dagoen moduan badago, Poliziak bere lana ondo egin duelako da; eta Bildun dagoen moduan badago, Poliziak bere lana ondo egin duelako da", adierazi du.

Aitzitik, Bilduk, gainerako alderdiek bezala, "legea bete" behar duela azpimarratu du, "eta legea betetzen ez badu, gainerako alderdiek bezala, auzitegietara joan beharko du", ohartarazi du.

Bildu eta ETAren biktimak

Bilduko ordezkaritza batek Joxe Mari Korta Adegiko presidente izandakoaren omenaldian parte hartu zuela eta, Rubalcabak uste du ez dela nahikoa.

"Hobe da joatea, ez joatea baino. Alabaina, Bilduk modu sistematikoan onartu behar du ETAren indarkeriak eragindako kaltea eta ez noizbehinka soilik", adierazi du. Bildu legala dela, baina "moralki onartua izateko" ETAren "biktimak eta borreroak" bereizten ikasi behar duela nabarmendu du.

Amaitzeko, terrorismoaren aurkako politika eta kartzela-politika bere horretan mantenduko direla esan du, ETAk armak uzten ez dituen bitartean behintzat.

"Presoek jakin badakite amaieran gaudela, baina armak behin-betiko utziko dituela iragarri behar du ETAk. Hori gertatzen ez den bitartean, terrorismoaren aurkako politika eta, ondorioz, kartzela-politika ez da aldatuko", azpimarratu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea