Politika -

Nafarroa

Koronabirusagatik espetxeetan ezarritako neurriak aldatzeko eskatu dute

Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoek eta Sarek herritarrei eskatu diete Espainiako Gobernuari exiji diezaiotela espetxe politikaren arloko neurri plan bat.

Espetxea. Argazkia: EiTB
Espetxea. Argazkia: EiTB
Espetxea. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak manifestu bat plazaratu dute gaur goizean, dei egiteko “Nafarroako herritar guztiei, erakundeei eta eragile sozial, sindikal eta politikoei bat egin dezaten Espainiako Gobernuari honakoa exijitzearekin: lehenbailehen diseinatu eta gauzatu dezala espetxe politikaren arloko neurri plan bat, haren bidez betetzeko Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CPT) emandako gomendioak”.

Aipatu elkarteek zabaldu duten prentsa-oharrean gogorarazi dutenez, martxoaren 12an Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen kartzelak bakartzea eta soilik kartzeletako funtzionarioei uztea bertara sartzen: “Orduz geroztik Espainiako Estatuko 70 erakunde sozialek baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dugu, beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori delako neurririk onena espetxeetan Covid-19aren kutsapenei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako nahiz bizitzarako eskubidea bermatzeko”.

Erakunde sozialen arabera, “estatu askotan neurriak hartu badira ere kartzelan dauden milaka preso askatzeko”, Espainiako Gobernuak halakorik egin ez izana “tamalgarria” da: “Hemen, espetxe politikaren arloan, neurri bakarra hartu da, kartzelak bakartzea alegia, eta horrek ekarri du, praktikan, presoen eta haien gertukoen eta familien arteko komunikazioa murriztea eta bertan behera gelditzea barruko jarduera guztiak, tratamendukoak barne”.

Horregatik, Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoek eta Sare Herritarrak dei egin diete Nafarroako herritar guztiei eta eragile sozial, sindikal eta politikoei, bat egin dezaten manifestu horrekin, Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzeko “Munduko Osasun Erakundeak eta Europako Kontseiluko CPTk egindako gomendioak bete eta presoak aska ditzala, berma dezala presoen eta beren familiakoen eta gertukoen arteko komunikazioa, eta berrezar ditzala presoen bisitak eta kartzela barruko jarduerak”. Gaineratu dutenez, “egoera honetan borondate politikoak agintzen du, eta, orain inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan egon behar du, baita presoen kasuan ere”.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Presoak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Espetxe politika Koronabirusa olatu berria