Politika -
Agerraldia, Santanderren
Rubalcabaren ustez, diputazioak 'soberan' daude
PSOEren Espainiako presidentziarako hautagaiak adierazi duenez, "aldundiek jokatzen duten papera berrikusi egin behar da" eta "erreforma sakon bat" bultzatu gastu publikoa murrizteko helburuarekin.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren Espainiako presidentetzarako hautagaiaren ustez, diputazioen inguruan "erreforma sakon bat" egin behar da. Egun duten funtzioa eta antolatzeko modua "soberan" daudela iritzi dio.
Santanderko Menendez Pelayo Unibertsitatean agerraldia egin du Rubalcabak, gastu publikoa murrizteko helburuarekin Espainiako erakunde publikoak berrantolatzeko aukeraz galdetuta eman duen erantzuna izan da. Italiak, esaterako, 30 bat diputazio murriztuko ditu eta milaka udaletxe.
Espainiako erakunde publikoek "lau maila" dituztela adierazi du Rubalcabak, Estatua, erkidegoak, probintziak eta udaletxeak, "horietako batek XIX. mendeko egitura du eta hausnarketa egitea beharrezkoa da", erantsi du.
"Orain artekoa egiten jarraitu nahi badute, soberan daude", ohartarazi du Alfredo Perez Rubalcabak. "Administrazioaren gainerako mailetara egokitu behar dira, haiek dira finkatuta daudenak. Sakon berrikusi behar da euren papera", azaldu du.