Politika -

Euroaginduaren kontra

Daniel Derguy espainiaratzea errefusatu du Frantziako Justiziak

Auzitegiko instrukzio aretoa kontra agertu da "horri egozten dizkioten gertakari batzuk Frantzian jazo zirelako".

Daniel Derguy (Artxiboko argazkia)
Daniel Derguy (Artxiboko argazkia)
Daniel Derguy espainiaratzea errefusatu du Frantziako Justiziak

02:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel Derguy Espainiaren esku uztea errefusatu du gaur Frantzia hegoaldeko Agen hiriko Apelazio Auzitegiak. Derguyk Frantziako herritartasuna du eta 1994an egindako ekintza batengatik epaitu nahi du Madrilgo Auzitegi Nazionalak.

Auzitegiko instrukzio aretoaren esanetan, Espainiako agintariek emandako euroagindua betearaztearen kontra agertu da "horri egozten dizkioten gertakari batzuk Frantzian jazo zirelako".

Espainiako Justiziak Agen hiriko Auzitegiari erantzunez zehaztu zuenez, euroagindua Arruabarrena Pastak enpresara bonba-karta bat bidalita hilketa-saiakera egotzita eman zuten, ez 1993ko uztailean Bartzelonako Castelldefels hirian Poliziak lehergaiz beteta atzeman zuen furgoneta batekin zerikusia izatea egotzita.

2008ko martxoan baldintzapeko askatasuna lortu ondoren, iazko uztailaren 6an berriro atxilotu zuten Cahors hirian (Frantzia), Espainiako Poliziaren informazio zerbitzuek ere parte hartu zuten operazio batean, eta handik astebetera aske utzi zuten berriro.

Auzitegiko iturrien arabera, Derguyk baldintzapean aske jarraituko du, baina kontrol judiziala kendu diote, eta aurrerantzean ez du Auzitegira joan beharko.

Frantziako Libération egunkariak gaur argitaratu duen elkarrizketa batean, Derguyk esan du Espainiaren esku utzi izan balute "ezker abertzaleko kide guztientzat aurrekaria izango zela mugaz beste aldera egun batetik bestera bidaltzeko".

Aurore Martin

Aurore Martin Batasuneko buru ohia egoera berean dago. Frantziako herritartasuna du eta, Frantziako Auzitegi Gorenaren behin betiko epai baten arabera, Espainiaren esku utzi behar dute. Legez kanpo utzitako alderdi horretan 2005 eta 2008 bitartean aritzeagatik epaitu nahi dute.

Martinek hilabete ugari daramatza klandestinitatean bera atxilotzea eta Espainiako agintarien esku uztea saihesteko, baina ekainaren erdialdetik agerraldi publiko ugari egin ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea