Politika -
Hautagaitza bakarra
Barcinaren ustez, Bilduren eta Aralarren hurbiltzea ez da 'naturala'
Gizarte politikan zein ekonomian "desadostasun handiak" dituzten alderdiak direla iritzi dio Barcinak, baina "interes batekin bat datoz, inoiz izan ez den Euskal Herri hori eratzearekin", esan du.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen aburuz, hauteskundeetan hautagaitza bakarra aurkezteko asmoarekin Bilduk eta Aralarrek izan duten gerturatzea ez da "oso naturala". Hala ere, Barcinak esan du, akordioa gauzatzen den ala ez ikusi artean, ez duela beste baloraziorik egingo.
Barcinak komunikabideei adierazi dienez, alderdi abertzaleak "interes politikoengatik biltzen edo banantzen dira". bere ustez, gizarte politikan eta ekonomian "desadostasun handiak" dituzten alderdiak dira, baina "interes batekin bat datoz, inoiz izan ez den Euskal Herri hori eratzearekin", erantsi du.
Bestalde, Leitzan abuztuaren 10eko txupinazoan gertatutakoaz galdetuta, Yolanda Barcinak erantzun du ez duela oraindik Foruzainen ikerketa txostenik jaso. Herriko festetako txupinazoan hainbat kaputxadunek ETAko presoen aldeko kartelak erakutsi zituzten eta Foruzaingoek ikerketa abiatu zuten.