Politika -
Donostiako Aste Nagusian
PPk barkamena eskatu du bere zinegotzien eta Izagirreren argazkiagatik
Ramon Gomez zinegotziak azaldu duenez, atzoko ekitaldian ETAko presoen aldeko kartelak hiriko hormetatik "kentzeko" exijitu zion Donostiako alkateari.
Erredakzioa
Esteban Gonzalez Pons PPko Komunikazkio arduradunak barkamena eskatu du bere alderdiaren izenean, Donostiako Aste Nagusian, atzo, zinegotzi popularrak "irribarretsu" azaldu zirelako Juan Karlos Izagirre alkatearekin (Bildu) topa egiten.
Ser irrati kateari egindako adierazpenetan, Gonzalez Ponsek publikoki barkamena eskatu du PPko zinegotzien "keinu horrengatik". Bere hitzetan, irudi horrek ez du PPren "jarrera islatzen", eta Ramon Gomez zinegotziaren "hanka-sartzea" izan zela nabarmendu du.
Horrez gain, ETA "inoiz baino hobeto" dagoela azpimarratu du, Bildu erakundeetan sartu ondoren. Gaineratu duenez, azaroaren 20ko hauteskundeetan Bilduren parte hartzea "saihestu" egin behar da.
Gonzalez Ponsen ustez, Bildu "Batasunaren jarraipena" besterik ez da.
Gomez: 'Kartelak kentzeko exijitu nion Izagirreri'
Bestalde, brindisaren argazkiaren ondorioz gertatutakoaz aritu da gaur Ramon Gomez zinegotzia agerraldi batean.
Azaldu duenez, atzoko ekitaldian Donostiako kaleetan agertu diren ETAko presoen aldeko kartelak kentzeko exijitu zion Izagirreri.Bere hitzetan, ekitaldi horretan parte hartzean ez zuen "inor iraindu nahi".
Izagirreri "errieta egitea" zen Gomezen helburua, berretsi duenez. "Hiriarentzat lotsagarriak diren pankartak eta kartelak kentzea exijitu nion", gaineratu du zinegotziak.