Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Mendiak Garitanori:'Ez dago ETAko biktimen arteko bereizketa egiterik'

Gainera, lehendakariak hiru aldundiei fiskalitate gaietan egindako proposamena aztertzea eskatu du Exekutiboko bozeramaileak, eta ez deskalifikatzea eta baztertzea.

ETAko biktima guztiek errespetua behar dutela esan du Mendiak. Argazkia: EITB.
ETAko biktima guztiek errespetua behar dutela esan du Mendiak. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ETAren biktima kataluniarren eta gainontzekoen artean egindako bereizketa ez duela ulertzen adierazi du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Mendiak "biktimak bereizi baino errespetatu eta haien oroimena aldarrikatu" behar dela erantzun dio.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Mendiak Garitanok Katalunian atzo egindako adierazpenak komentatu ditu: "Aurretik ez diogu inoiz horrelako gaitzespen argirik entzun, baino ez dut ulertzen zergatik ez den urrunago joan. Nire ustez, egindako bereizketa azaldu egin beharko luke, biktimek errespetua eta euren oroimenaren aldarrikapena merezi dutelako".

Gipuzkoako ahalduna Kataluniako Unibertsitateko Udako Ikastaroetan egon zen ostiralean hitzaldi bat emateko. Bertan, besteak beste, ETAk Katalunian egindako atentatuak "akatsa baino larriagoak" izan zirela esan zuen. Mendiaren ustez, "zaila da" hitz horiek "ulertzea" eta ondorioz esandakak azaltzea eskatu dio.

Politika fiskala

Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak hiru aldundiei egindako fiskalitate proposamena aztertzeko eskaera luzatu du Mendiak, "hasieratik deskalifikatu eta baztertu" ordez.

Bere ustez, hiru Foru Aldundietako talde teknikoek proposamenaren "alderdi guztiak" aztertu behar dituzte, proposamen "zentzuduna eta sakona" delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea