Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pastorrentzat 'onartezina' da Garitanok atentatuei buruz esandakoa
PSE-EEren bozeramailearen esanetan, "ETAk Katalunian egindako atentatuak akatsa izan zirela esateak beste lurraldeetan egindakoak justifikatzen ditu".
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak "onartezin"tzat jo ditu Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ETAk Katalunian egindako atentatuen inguruan esandakoak eta hitz horiekin milaka gipuzkoar haserretu dituela uste du. Garitanok esan zuen "akatsa" izan zela ETAk Katalunian atentatuak egitea.
Pastorrek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, adierazpen horiek "lekuz kanpo" daude. Izan ere, "ETAk Katalunian egindako atentatuak akatsa izan zirela esateak beste lurraldeetan egindakoak justifikatzen ditu".
Pastorren arabera, Garitano "nahastuta" dago eta jarrera horrekin "milaka gipuzkoar haserretzen ari da, lurraldeko agintari gorenaren partetik beste zerbait espero baitute".
Presoen argazkiak Bilbon
Bilboko Aste Nagusiaren hasieran presoen argazkiak erakutsi zituzten pertsonak identifikatzeko Ertzaintzak abian jarri duen ikerketaren harira, Pastorrek esan du azken urteetako uda "lasaiena" dela "era horretako istiluei dagokienez".