Politika -
Polemika
Garitanok argitu du ez zuela biktimen 'bereizketarik' egin nahi izan
Biktimak ez dituela jatorriagatik sailkatuko ere esan du. Gipuzkoako ahaldun nagusiak zenbait buruzagi politikoren kritikei erantzun nahi izan die.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu du ez zuela biktimen "bereizketarik" egin nahi izan, ezta jatorriagatik sailkatu ere, iragan ostiralean Kataluniako unibertsitatea batean eman zuen hitzaldian.
Horixe esan du Garitanok El Diario Vasco egunkarian egin dioten elkarrizketa batean.
Garitanok Universitat Catalana d’Estiuren ikastaro batean eman zuen hitzaldia pasa den ostiralean, eta bertan ETAk Katalunian egindako atentatuak "akats larria" izan zirela eta ezker abertzaleak "Kataluniako biktimei errespetu berezia" zor diela esan zuen.
Adierazpen horiek ia alderdi politiko guztien kritikak jaso dituzte.
PSOEk Garitanoren kontrako zentsura-mozioa aurkez dezakeela iradoki du, eta Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak jakinarazi zuen babestu egingo lukeela. EAJk, berriz, Garitanoren "premiazko" agerraldia eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan azalpenak eman ditzan. Era berean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ohartarazi du Garitanoren hitzaldiak "zaintzen" ari dela.
Garitanok aipatu egunkariari azaldu dionez, EAk, Aralarrek eta Alternatibak sinatu zuten Gernikako akordioaren txostena defendatu zuen hitzaldian, eta bertan "biktima guztien errekonozimendua" babestuko dutela jasotzen da.
Era berean, "biktima kataluniarren, murtziarren edo beste nonbaitekoen artean" bereizketarik ez zuela egin azpimarratu du eta testuinguruan kokatu ditu adierazpenak, izan ere, Hipercorreko atentatuaren biktima baten senideak galdetu zion ea "akatsa" iruditzen zitzaion eraso hura, eta Garitanok "akats larria" izan zela erantzun zion.