Politika -
Alderdiak
Podemos Euskadik zuzendaritza berritzeari ekingo dio maiatzaren 24an
Bozketak alderdiaren parte-hartze atariaren bidez egingo dira. Prozesua ekainaren 19an amaituko da, emaitzak argitaratuko diren egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Podemos Euskadik maiatzaren 24an hasiko du Herritarren Kontseilu Autonomiko berria aukeratzeko prozesua, eta ekainaren 19an amaituko da; egun horretan jakinaraziko dira Euskal Autonomia Erkidegoan izena eman dutenek parte hartuko duten primarioen emaitzak.
Podemos Euskadik ohar batean azaldu duenez, bozketak alderdiaren parte-hartze atariaren bidez egingo dituzte, eta osasun segurtasun neurri gisa, eztabaidak bideokonferentzia bidez antolatuko dituzte.
Alderdi horren primarioen egutegiaren arabera, maiatzaren 24an hautagaitzen araudia eta protokoloa argitaratuko dute, eta egun horretatik maiatzaren 27ra bitartean talde teknikoak eratuko dira. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 24tik 28ra bitartekoa izango da, eta maiatzaren 29an argitaratuko ditu alderdiak maiatzaren 30etik ekainaren 3ra bitartean norberaren eta elkargokideen abalek aurkeztu beharko dituzten aurre-zerrendak.
Ekainaren 1ean errolda itxiko da, ekainaren 4an eta 5ean zerrendak erregistratuko dira, eta ekainaren 7an hautagaitzen behin-behineko argitalpena egingo da. Hautagaitzak hilaren 9an behin betikoak izango dira, eta orduan hasiko da ekainaren 17ra arte luzatuko den kanpaina.
Horrela, ekainaren 12tik 17ra bitartean bozketa telematikoak egingo dira eta ekainaren 19an emaitzak argitaratuko dira.