Politika -

Deseskalatzea

Urkulluk hezkuntza presentziala defendatu du "ezberdintasunari aurre egiteko"

Maskarak leku itxietan beti erabiltzea eta ordutegi tarteak malgutzea proposatu ditu lehendakariak erkidegoetako presidenteekin egindako bideokonferentzian.

Iñigo Urkullu lehendakaria, igande honetako presidenteen bideokonferentzian. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, igande honetako presidenteen bideokonferentzian
Maskarak leku itxietan beti erabiltzea eta ordutegiak malgutzea proposatu ditu Urkulluk

1:32

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Deseskalatzean aurrera egiteko asmoz, hezkuntza-jarduera presentziala errazteko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari igande honetan izandako Erkidegoetako presidenteen 10. bideokonferentzian. Urkulluren iritzian, "hezkuntza presentzialak, ikastetxeei bidalitako protokolo zorrotzak jarraituta, ikasle ahulenen ezberdintasunari aurre egiten dio". Lehendakariaren esanetan, "ikasteko zailtasunak edo arazo sozial, familiarrak nahiz eten digitala pairatzen dutenek" behar dute bereziki errefortzu presentzial hori.

Gaurko egoeraren nondik norakoak aztertzen hasi du Urkulluk bere hitzaldia. "Osasun krisiaren arorik latzena gainditzen ari gara. Hori lehentasuna da, eta horrela jarraituko du, baina ekonomiagatik kezka ere zabaltzen ari da, krisi horrek ekintza ekonomikoan eta enpleguan izango duen eragina, alegia", adierazi du. Hori dela eta, "osasunaren eta oparotasunaren arteko oreka hori lortzea izango da gakoa", gaineratu du.

Euskadi deseskalatzearen 1 fasean dago astelehenaz geroztik eta, horren harira, Urkulluk azpimarratu du, EAEn "zuhurtzia plusa ezarri dugu", udalerri bakoitzaren barruan bakarrik mugitzeko murrizketa aipatuta, "gizartean prebentzio neurrien lasaikeria saihesteko".

Datorren astera begira, Urkulluk bost proposamen egin ditu. Lehenengoa higiene eta segurtasun neurriekin lotutakoa da. Horrela, "etxetik kanpo eta leku itxietan edo pertsonen arteko distantzia minimoa gordetzea ezinezkoa den egoeretan babes-maskara" derrigorrez eta beti erabiltzea eskatu du.

Bigarren proposamena paseatzeko ordutegi tarteei dagokio. "Deseskalatzearen lehenengo momentuetan erabilgarria izan bada, orain nahasmena eragiten du herritarren artean", Urkulluren hitzetan. Hori dela eta, ordutegi tarte horiek malgutzeko eskatu dio Sanchezi, "adinekoentzako eta bereziki babestu beharreko arrisku taldeentzako ordutegi tarteak mantenduta".

Gainera, deseskalatzearen bigarren fasean kultura-ekitaldietako eta ostalaritza lokaletako edukiera % 50ekoa izatea eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, eta aire librean eta modu seguruan inguru naturaletan egindako jarduerak baimentzea, esaterako, mendi-ibilbideak.

Azkenik, "kogobernantza eredua garatzera" deitu du Sanchez, "egungo egoerei aurre egiteko balioko digun legezko esparrua eraiki ahal izateko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea