Politika -

Urte politikoa, abian

Patxi Lopez: 'ETAren amaierak ez du baldintzarik edo traturik behar'

Lehendakaria ez dago Garitanoren aurkako balizko zentsura-mozio baten alde, ezta kontra ere, eta Konstituzioaren erreformaren inguruan dituen errezeloak azaldu ditu.

Patxi Lopezek urte politikoari eman dio hasiera, Bilbon. Argazkia: EFE
Patxi Lopezek urte politikoari eman dio hasiera, Bilbon. Argazkia: EFE
Patxi Lopezek ETAren amaierak baldintzarik ez duela azpimarratu du

01:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak azpimarratu du ETAren amaierak ez duela "baldintzarik edo traturik" behar, Sorturen balizko legalizazioa edo ETAren presoak EAEko kartzeletarako balizko hurreratzea, adibidez. Halaber, Lopezek esan du asteazken honetan, Bilbon, ez dagoela Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aurkako balizko zentsura-mozio baten alde, ezta kontra ere; izan ere, arazoa, bere esanetan, "ezker abertzaleak du, ETAri desagertzeko eskatu behar diolako, eta ez demokratek". Lehendakariak, gainera, Jose Luis Rodriguez Zapaterok asteartean proposatu zuen Konstituzioaren erreformaren inguruko errezeloak azaldu ditu.

Urte politikoari hasiera eman dion prentsaurrekoan, lehendakariak esan du "kezkagarria" dela ezker abertzaleak duen arazoa, "banda terroristarekin izandako ados jartzea" guztion arazoa bilakatzea. Halaber, uda honetako jaietan kale indarkeriarekin erlazionatutako gertakaririk egon ez izana nabarmendu du.

Konstituzioaren erreformaren xehetasunak

Patxi Lopez, bestalde, atzo Jose Luis Rodriguez Zapaterok proposatutako erreformaren inguruan ere mintzatu da. Lehendakariak esan du beharrezkoa dela horren xehetasunak ezagutzea; izan ere, bere iritziz, gastua mugatzea ezin da "kortse" bat izan politika egiteko edo ongizate-estatua bermatzeko asmoarekin beharrezkoak diren baliabideak aprobetxatu ahal izateko.

Lopezen ustez, gastua mugatzea neurri egokia da, merkatuei konfidantza eman nahi badiote eta "Europa gehiago" egiteko; baina, bere ustez, aipatutako neurriak malgutasuna behar du, administraritza publikoek zor publikoan oinarritutako baliabideak behar dituztelako. Lehendakariaren esanetan, nahikoa da Diputatuen hiru bosten ados egotea, erreforma gauzatzeko; horrela adierazi du balizko erreferendum baten inguruan zer pentsatzen duen galdetu diotenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea