Politika -

EAEko hauteskundeak

EH Bilduk arrazoi alderdikoiak eta ez sanitarioak egotzi dizkio Urkulluri

Alderdi abertzaleak gogorarazi duenez, oposizioak beste aukera batzuk proposatu zituen, baina Urkulluk "entzun" arren "ez zien jaramonik egin", "aldez aurretik erabakia hartua zuelako".

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia. Artxiboko argazkia: EH Bildu
Maddalen Iriarte politikaria
Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia. Artxiboko argazkia: EH Bildu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari leporatu dio "bere hauteskunde interesak eta interes alderdikoiak" bultzatu izana hauteskundeak uztailaren 12an deitzeko, "osasun arrazoien" aurretik jarrita.

Koalizio abertzaleak ohar batean adierazi duenez, egun horretan "zailtasunak" egongo dira "hauteskundeak eta hauteskunde kanpaina berme demokratikoekin garatu ahal izateko".

"Hauteskunde kanpainan aukera berdintasuna bermatzeko zailtasun handiak egongo dira, eta hori erabakigarria izango da herritarrek euren botoaren zentzua hausnartzeko", argudiatu du EH Bilduk.

Alderdiaren ustez, "EAJren hautagaiak" data aukeratzea ez dago "inongo osasun arrazoitan" oinarrituta, baizik eta "helburu bakarra bere hauteskunde eta alderdi interesak babestea da".

Oposizioak osteguneko bileran beste aukera batzuk proposatu zituela gogorarazi du, baina Urkulluk "entzun" arren "ez zien jaramonik egin", "erabakia aldez aurretik hartua zuelako".

Hori dela eta, EH Bilduk azpimarratu duenez, "Urkulluren ardura da uztailaren 12rako hauteskundeak deitzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV EAEko hauteskundeak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa