Politika -

Erkorekaren adierazpenak

Eusko Jaurlaritzarentzat "harrigarria" da PSOEren eta EH Bilduren arteko akordioa

Lan-erreformaren inguruko akordioa Idoia Mendiaren aurkako "jazarpen onartezina" dagoenean sinatu dutela nabarmendu du Erkorekak, eta kezkatuta agertu da ekintza horiek gaitzetsi ez dutenekin.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, "harrigarria" da gaur egun indarrean dagoen lan-erreforma bertan behera uzteko asmoz PSOEk eta EH Bilduk Madrilen lortutako akordioa; izan ere, erabaki hori Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren aurkako "jazarpen onartezina" dagoenean sinatu dutela nabarmendu du, astearte gauean ezezagun batzuek haren etxeko atarian pintura gorria eta Patxi Ruiz presoaren aldeko panfletoak bota zituztela gogora ekarriz; besteak beste, "Idoia Mendia hiltzaile" irakur zitekeen bertan. Gainera, asteazkenean, euskal presoaren aldeko auto batzuk Mendiaren etxe aurrean gelditu ziren eta klaxona jo zuten.

Testuinguru horretan, Erkoreka kezkatuta agertu da EH Bilduko buruzagi batzuek ez dituztelako ekintza horiek gaitzetsi nahi izan, ezta alderdi politikoen egoitzen aurka egindako erasoak ere. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "horrelako jokabideak gaitzesteko eta salatzeko nolabaiteko justifikazioa" ikusi du haien adierazpenetan. Horren ustez, eraso horiek "ate bat zabaltzen dute", eta galdetu du ea dena astearte gauean jaurtitako pintura gorriarekin amaitzen den edo harago joan daitekeen.

"Hau nola hasten den badakigu, baina ez nola amaitzen den. Kausa justu bat defendatzen baduzu eta ez badizute kasurik egiten, zure kabuz neurriak har ditzakezu? baina zein neurri mota? pintura jaurtita amaitzen da dena edo hortik harago joan zaitezke?", galdetu du.

Erkorekaren ustez, jarrera hori "oso arriskutsua da"; izan ere, "herrialde honetan dagoeneko nora eraman gaituen eta nora eraman gaitzakeen dakigun ate bat irekitzea dakar. Ezin digute esan ez dela garrantzitsua gertatutakoa gaitzestea edo ez", gaineratu du.

Erkorekaren esanetan, "argi dago Euskadin oso garrantzitsua dela horrelako ekintzak salatzea, oso etapa gogorrak ezagutu baititu, non alderdi batzuek ekintza bortitzak babesten zituzten jakinaren gainean. Ordezkari politikoek jarrera argia izan behar dute jazarpenarekin, presioarekin eta indarkeriarekin lotutako edozein keinuren aurrean. Uste dut gure bizikidetzaren oinarrizko irizpidea izan behar duela", esan du.

Hala, Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du PSOEren eta EH Bilduren arteko akordioa "harrigarria" dela, hain zuzen, Mendia "ezker abertzalearen jazarpen jasanezin eta justifikaezinaren biktima denean, eta ez dutenean jarrera hori gaitzesten". "Askatasun ideologikoari eta pluralismo politikoari egindako eraso onartezina da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Presoak Idoia Mendia ETA Alderdi politikoak Salaketak EH Bildu PSE-EE Alfonso Gil Eguneko albisteak Albisteak