Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Cabieces: 'EAJren Konstituzio-erreforma proposamen elektorala da'

Mikel Cabiecesen arabera, EAJren proposamena jeltzaleen eta Bilduren arteko "lehiaren" ondorio da. Gainera, erabakitzeko eskubidea onartuko ez dela azpimarratu du.

Mikel Cabieces Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB
Mikel Cabieces Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB
Mikel Cabieces Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Cabiecesek errefusatu egin du EAJk Konstituzioa erreformatzeko egin duen proposamena, "hauteskunde kutsua duen planteamendua delako".

PSOEk eta PPk Konstituzioa administrazio publikoen aurrekontuen alorrean erreformatzea adostu dutela baliatuta, EAJk beste aldaketa bat sakon bat egiteko aprobetxatu nahi du aukera hau: Euskadiren autodeterminazio eskubidea aintzat hartzea, hain zuzen ere. Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak nabarmendu du proposamen hori euskal abertzaletasunaren baitan EAJren eta Bilduren artean sortu den "lehiaren" ondorio baino ez dela. Gainera, Euskadiren erabakitzeko eskubidea Konstituzioak onartuko ez duela azpimarratu du. "Munduan ez dago herrialderik autodeterminazio eskubidea Konstituzioan aitortzen duenik", erantsi du. Cabiecesen hitzetan, "independentzia defendatzea zilegia da, baina Konstituzioa aldatzeko espainiar guztiak konbentzitu behar dituzte, ez bakarrik euskal herritarrak". "Beste gauza bat izango litzateke herrialdeko biztanleen gehiengoa horren alde egotea, esaterako, Kanadan gertatzen den moduan; kasu horretan arazoa demokratikoki nola konpondu aztertu beharko litzateke", zehaztu du. Nolanahi ere, autodeterminazio eskubidea planteatzea "Europaren kontra" joatea dela eta euskal gizartea independentziaren alde ez dagoela iritzi dio.

Bildu

Bestalde, Bildu azken asteotan koalizioaren alde bozkatu zuten pertsonei huts egiten ari dela esan du, "ez baitu oinarrizkoena egin: ETAri desegitea exijitzea". Gipuzkoako Diputazioaren kasuan "ematen du ez duela ezer kudeatu", adierazi du, eta Martin Garitanok azken egunetan ETAren biktimen inguruan esandakoak kritikatu ditu. Hala ere, Euskadin egun lasaiago bizi dela onartu du, baina ETAk oraindik existitzen dela ekarri du gogora. "Nolanahi ere, ETA jada galdu egin du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea