Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Urquijo: 'Oroimena ezin da bakarrik terrorismoaren biktimena izan'
Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Arreta eskaintzeko Bulegoko aholkulariaren aburuz, biktimek ez dute kezkaz hartu erakundeetara Bilduren etorrera.
Erredakzioa
Txema Urquijo Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Arreta eskaintzeko Bulegoko aholkulariak azpimarratu duenez, "oroimena ezin da bakarrik terrorismoaren biktimena izan", izan ere, "herrialde honetan azken 50 urteetan jazotakoa hartu behar du, desberdina dena bereiztuz baina guztia hartuz".
Radio Euskadiko "MQP" irratsaioan eskainitako elkarrizketan, "indarkeria terroristaren azken txanpan" gaudela adierazi du baina honen esanetan, ezin daiteke hura esan "ETA ez amaitu bitartean". "ETA etsita dago baina oraindik ez da desagertu eta itxaron beharko dugu", gaineratu du.
Bitartean, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legea garatzearen alde egin du Urquijok, "etorkizunera begira, oroimenaren funtsezko zutabeak ezartzeko garrantzitsua delako".
Biktimak, Bilduri buruz
Bestalde, Martin Garitano (Bildu) ahaldun nagusiak ETAk Katalunian egindako atentatuen gainean botatako adierazpenak "zorritxarrekoak" izan zirela adierazi du Urquijok. " Ezker abertzaleak ETAren biktimak aitortzen dituela agerian uzteko aukera paregabea galdu zuen", baieztatu du.
Urquijoren esanetan, euskal herritarrek argi eta garbi ikusi ohi dute terrorismoaren amaiera. Honen arabera, biktimek ez dute kezkaz hartu erakundeetara Bilduren etorrera, "bai, ordea, atsekabez eta deserosotasunez".