Politika -

Gutxieneko diru-sarrera

Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera onartu du

Helburua da Espainiako Estatuan muturreko pobreziak % 80 behera egitea. Prestazioa 850.000 etxebizitzatan jasoko dute, eta 460-1.000 euro artekoa izango da.

Valentziako kale batean, bitartekorik gabeko herritar bat. Argazkia: EFE.
Valentziako kale batean, bitartekorik gabeko herritar bat
Valentziako kale batean, bitartekorik gabeko herritar bat. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezohiko Ministro Kontseilu batean, eta Espainiako Estatuan muturreko pobreziak % 80 behera egitea helburu, Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera onartu du ostiral honetan. Prestazioa 850.000 etxebizitzatan jasoko dute, horietako 100.000k ofizioz, ekainaren amaieran. Etxebizitzaren antolamenduaren arabera, 460-1.000 euro artekoa izango da.

12:00ak aldera eman du albistearen berri, Twitterren bidez, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Gizarte Eskubide eta 2030 Agenda ministroak. Gerora, prentsaurrekoa eman dute, neurriaren xehetasunen berri emateko asmoz.

Aurreikuspena da prestazioa 2,3 milioi herritarrek jasotzea; horietako % 30 adingabeak dira. Gainera, Espainiako Gobernuak kalkulatu du familia onuradunen % 16 gurasobakarrak direla; horietako % 90ean, emakume bat da familiaburua.

Lege Dekretuaren Proiektuaren zirriborro baten arabera, prestazioa eskuratzeko, kalteberatasuna egiaztatu behar da, eta, gutxienez, urtebete emana izan behar da Espainian modu legezkoan bizitzen. Horrek kanpo uzten ditu egoera irregularrean dauden migratzaileak.

Salbuespen batzuk daude: adibidez, nazioarteko babesa eskatu dutenen kasua, gizakien salerosketaren biktimak (behin-behineko bizilekurako baimenaren bidalketatik aurrera), edo genero-indarkeriaren biktimak diren atzerriko emakumeak, nahiz eta egoera irregularrean egon.

Halaber, zirriborroaren arabera, prestazioaren eskatzailea emantzipatuta egonez gero, gutxieneko adina 21 urtekoa izan beharko da; genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeen eta gizakien salerosketaren biktimen kasuetan, aldiz, adinez nagusia izan beharko da. Jasotzeko adin-muga 65 urteak izango dira.

Horrez gain, familia-etxebizitza seme-alabekin batera utzi duten eta tratu txarren biktimak diren emakumeek ere eskatu ahalko dute, bai eta senideek ere, odolkidetasuneko edo kidetasuneko bigarren mailaraino.

Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak onuradunentzako inklusio-estrategiak bultzatuko ditu, eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari “pizgarria” ezarriko zaio, bizikidetasun-unitateko aktibo bat edo batzuk lanean egonez gero.

Jarraipen Batzorde bat sortuko dute, halaber. Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak zuzenduko du, eta Gizarte Segurantzako Estatu Idazkaria ere izango da bertan. Bizitzeko gutxieneko diru-sartzearen Kontseilu Aholku-emailea ere egongo da; horren betebeharra izango da hirugarren sektoreko gizarte ekintzako erakundeekin elkarlanean aritzea.

Bizitzeko gutxieneko diru-sartzea Gizarte Segurantzaren prestazioa izango da, eta urtero 3.000 bat milioi euroko kostua ekarriko du. Baliteke autonomia-erkidegoetako beste prestazio batzuekin ere osatzea.

Errentak aztertzeaz gain, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak "aberastasun-testa" egingo du. Horrek esan nahi eskaria aurkeztuta egiaztatuko dutela balizko onuradunak ez gainditzea ondare-maila jakin bat, ohiko etxebizitza kontuan izan gabe.

Milagros Paniaguak, Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioko Inklusio eta Gizarte Aurreikuspen Politiketako eta Helburuetako idazkari nagusia bera, astelehen honetan Oxfam Intermonek antolatutako eztabaida batean, Gobernuaren helburua, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera onartuta, Espainian “muturreko pobreziak % 80 bat egitea behera” da.

Autonomia-erkidegoekin negoziazioari dagokionez, Espainiako Gobernuak akordioa hitzartu du EAJrekin, Euskadik eta Nafarroak prestazio horren tramiteak euren gain har dezaten. Akordio horren berri izanda, beste autonomia-erkidego batzuek ere eskatu dute eskumen hori izatea; hain zuzen ere, Kataluniak eta Galiziak. Valentziak eskaria egin du Espainiako Gobernuarekin batera kudeatzeko.

"Ez du eraginik izango gaur egun Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenengan"

Testuinguru honetan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu du Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera onetsi izanak ez duela eraginik izango gaur egun Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenengan, ez eta etorkizunean errenta horretara jo dezaketenengan ere.

Prentsaurrekoan, Artolazabalek, gainera, nabarmendu du diru-sarrerak bermatzeko errentak gehiago barne hartzen duela, bai termino kolektiboetan -pentsiodunak eta legezkoak ez diren egoiliarrak-, bai zenbatekoen terminoetan (kasu bat baino ez dago DSBEan baino egoera hobean, eta kasu hori hobetzea aurreikusten zen planteatutako erreforman).

Adierazi duenez, Euskadin, 20.000 titular inguru, pentsiodunak eta erresidentzia gabeko emigranteak bezala, ez dute BGDS jasoko baina bai Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Beraz, beste erkidego batean biziko balira, ez lukete laguntzarik jasoko. "Inolako zalantzarik gabe, esan dezakegu gure DSBEa laguntza berria baino garantistagoa dela", nabarmendu du sailburuak.

Urrian prestazio berri hori eskualdatzen amaitu arte, bi gobernuek kudeaketa-agindua adostuko dute, herritarrei zerbitzua eman ahal izateko, betiere Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Sailburuak zera argitu nahi izan du, "negoziazioa ez dela inoiz aurrezki ikuspuntutik planteatu". "Ez da gure kalkuluetan eta hausnarketan egon. Erreala dena zera da, Euskadik Estatuak inbertituko duela baino gehiago bideratuko duela ahulen diren kolektiboei errenta bat eskaintzeko", erantsi du.

"Negoziazioa ez da inoiz aurrezki ikuspuntutik planteatu"

Artolazabalek bi Gobernuen artean egon den negoziazioa balioetsi du; negoziazioak akordio "luzea, zaila, neurrizkoa eta leiala" ekarri du. "Xehetasunez jositako lana izan da. Lan konplexua. Baina emaitzak izan ditu", azpimarratu du.

Akordio horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ezarrita zituen hiru premisak bete ditu: "bateragarritasuna, osagarritasuna eta leihatila bakarra, Lanbiderena". "Akordio hori onuragarria da herritarrentzat eta euskal autogobernuarentzat. Efizientzia gehiago ekarriko du kudeaketan. Eta pozik gaude", gaineratu du.

Artolazabalek, halaber, honako hau nabarmendu du: "Gure foru-ogasunen aitorpena lortu dugu bizitzeko gutxieneko diru-sarrerara jotzeko baldintzak ezartzeko orduan, bai eta Euskadiren eta estatuaren arteko aldebiko harremana bermatzea eta Ekonomia Itunaren sistema aitortzea ere Kupoaren negoziazioaren bidez, eta, halaber, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketaren inguruko transferentzia lortu dugu, etorkizunean Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eskualdatzea aztertzeko lehen urrats eraginkor gisa".

Gainera, esan du Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu duela Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera egiteko, besteak beste, transferentzia horren alderdi ekonomikoen zehaztapenean aurrera egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak oso-osorik kudeatuko dute

Asteazkenean jakinarazi zutenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak oso-osorik kudeatuko dute bizitzeko gutxieneko diru-sarrera. EAJk akordioa itxi zuen Espainiako Gobernuarekin, diru-sarrera horren aurrean EAEko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Nafarroako Gizarteratzeko Errenta gotortzeko.

ETBk jakin ahal izan zuenez, Andoni Ortuzarrek eta Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak asteazken goizean itxi zuten hitzarmena, hainbat astean Eusko Jaurlaritzarekin ere negoziatu eta gero. Akordioaren arabera, urriaren 31a baino lehen geldituko da bizitzeko gutxieneko diru-sarrera Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku.

EAJk ohar batean azaldu zuenez, “Estatuaren eta EAEren zein Estatuaren eta Nafarroaren arteko aldebikotasuna indartzen eta lurralde historikoen autogobernua finkatzen duen hitzarmen honek Foru Ogasunen berariazkotasuna du helduleku”.

Horrela, jeltzaleen oharraren arabera, Estatuaren gutxieneko diru sarreraren eta EAEko diru sarrerak bermatzeko errentaren zein Nafarroako gizarteratzeko errentaren artean "arlo juridikoan sor litezkeen talka guztiak bideratuta geldituko dira". Horrela, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera oinarrizko errenta ez osagarria izango da, eta EAEk eta Nafarroak euren eskuduntzak baliatuz osatu ahalko dute.

EAJk oso garrantzitsua iritzi zion akordioari: “Maila ekonomikoan, Espainiako Gobernuaren Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak ez diolako zama gehigarririk ekarriko Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta hori ez zegoen argi akordio hau sinatu dugun arte”.

Eskumenei dagokienez, EAJren ustez “gizarte arloko eskumena gordetzen dugu eta, batik bat, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta, funtzionatzen duen eta Euskaditik kanpo martxan jartzeko modukotzat aintzat hartzen duten eredua, babesten dugu. Birzentralizatzeko tentazioak dauden garai batean, EAJk lortu duena ez da gutxi”, erantsi zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta