Politika -
Gobernu-Bilera
Eusko Jaurlaritzak Udal Legea onartu du
Lehendakariak azpimarratu du aspalditik behar zen legea dela eta ardura eskatu die gainerako alderdiei, Legebiltzarrean eztabaidatzen dutenerako.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Udal Legea onartu du Donostiako Miramar Jauregian oporren ondoren egin duten lehenengo Gobernu-Bileran. Proiektu horrekin, udalen eskumenak eta finantziazioa zehaztu nahi dituzte.
Lehendakariari harrera egitera bertaratu dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagitrre Donostiako alkatea (Bildukoak), Miramar Jauregian. Lohitzune Txarola (Bildu) Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere bertan izan da.
Sozialistek azken asteotan Gipuzkoako ahaldun nagusiaren adierazpenak eta ekintzak kritikatu ostean elkartu dira gaur Garitano eta lehendakaria, eta espero zen bezala, ez dute hitzik egin. Dena dela, denek elkarrekin argazkia atera dute.
Lehendakaria gustura agertu da Udal Legea onartu dutelako, izan ere, aspalditik behar zen legea dela esan du. Hori dela eta, ardura eskatu die alderdi politikoei Legebiltzarreko eztabaidan.
Proiektuak bi zutabe nagusi ditu: alde batetik, udalen eskumenak argitzen ditu eta, bestalde, finantziazio era zehazten du.
Lege proiektuan udalen eskumena diren 38 alorren zerrenda agertzen da, hirigintza, etxebizitza, polizia, segurtasuna eta turismoa besteak beste. Gainera, horiek gauzatzeko dirua bermatzen da, % 50a aldundiek erabakitzen dute eta gainerakoa Euskal Finantzen Kontseiluak.
Gobernuaren proiektuaren arabera, udalek boto eskubidea izango dute Euskal Finantzen Kontseiluan. Aldaketa horrekin, Lurralde Historikoen Legea ere aldatu beharko litzateke.
Legea indarrean sartu aurretik, Eusko Legebiltzarrak onartu behar du. Hori dela eta, lehendakariak arduraz jokatzeko eskatu die alderdi politikoei, EAJri batez ere.
Urratsak eskatu dizkio ezker abertzaleari
Bestalde, lehendakariak esan du Euskadik "amets baten bidea hasi" duela, "indarkeriarik eta terrorismorik gabeko gizarte batena", eta "esfortzuak eta laguntza" eskatu die "denei", ezker abertzaleari batez ere, "ETA behin betiko desager dadin".
Lehendakariak gogorarazi du demokraziak "aukera bat" eman diola ezker abertzaleari, baina ez "zerbait zor diegulako, haiek baitira bakea, askatasuna eta elkarbizitza eragotzi dutenak, indarkeriari babesa emanez. Ezker abertzaleak hartu behar du bere gain iraganean izan duen ardura eta bera da mugitu behar dena ETA desager dadin".
Konstituzioaren erreforma
Zapaterok proposatu duen Konstituzioaren erreformari dagokionez, Patxi Lopezek esan du "ehuneko ehunean" babesten duela Alfredo Perez Rubalcaba presidentegaiaren iritzia defizitari muga jartzearen inguruan.
Defizitaren kontrola "behar-beharrezkoa" dela esan du eta erkidegoen autonomia "ziurtatuta" dagoela.
AHTren beste hiru zati, lehiaketara
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak AHTren Gipuzkoako hiru zati lehiaketa publikora ateratzea onartu du.
Zizurkil eta Andoain artekoak jasoko du diru gehien, 193,5 milioi euro, eta bost kilometroko luzera izango du.
Bestalde, Hernani-Astigarraga zatiak 76,5 milioi euro izango ditu 2,46 kilometroak eraikitzeko eta Ezkio-Itxasokoak 58,6 milioi euro 2,84 kilometrotarako.