Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Mendiak biktimak oraintxe aintzatesteko eskatu dio ezker abertzaleari

Terrorismoak kaltetutakoen memoriarako eskubidea "minimo demokratikoa" da, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera; Mendiak ezker abertzaleari bakearen inguruan "argi" hitz egiteko exijitu dio.

Idoia Mendiak ezker abertzalearen inguruan hitz egin du. Argazkia: Euskadi Irratia
Idoia Mendiak ezker abertzalearen inguruan hitz egin du. Argazkia: Euskadi Irratia
Idoia Mendiak ezker abertzalearen inguruan hitz egin du. Argazkia: Euskadi Irratia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ETAren biktimak oraintxe aintzatesteko eskatu dio ezker abertzaleari, eta esan du ez dela ulergarria garai bateko Batasunak epeak jartzea terrorismoak kaltetutakoei aintzatespena egiteko. Euskadi Irratian izan duen elkarrizketa batean, Mendiak ezker abertzaleari bakearen inguruan "argi" hitz egiteko exijitu dio, eta nabarmendu du "biktimek memoriarako eta zuzentasunarako eskubidea" dutela. Sailburuak esan du eskubide hori biktima guztiek dutela: "Horiek errugabeak dira, erakundeetako arduradunak ados egon behar gara horretan, eta hori ez da Bilduri salneurri bat jartzea, minimo demokratiko bat ezartzea baizik".

Mendiak galdegin dio ezker abertzaleari urrats gehiago emateko, eta ETAri bere behin betiko deuseztea eskatzeko. Halaber, Mendiak esan du ez duela zentzurik biktimen arteko bereizketak egiteak; azken hori Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak Katalunian egindako adierazpenen harira esan du (ezker abertzaleak errespetu berezia zor dietela bertako biktimei esan zuen Garitanok).

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ez du zehaztu Patxi Lopez lehendakariak irailean aurkeztuko duen bakerako eta bizikidetzarako planaren xehetasunak; nolanahi ere, esan du bizikidetza planaren ardatzetako bat izango dela, "ondorengo urteetako erronkarik nagusienetakoa".

Sortu, bitartekoen taldea eta erreforma

Sorturen balizko legalizazio baten inguruan galdetu diotenean, Idoia Mendiak gogorarazi du gai hori Konstituzio Auzitegiaren esku dagoela, eta, azaldu duenez, uste du ondorengo hilabeteetan epaia egongo dela. Halaber, esan du ETAren presoek eragindako mina aitortzekotan " birgizarteratzearen eta berriro sozializazioaren prozesua hasi ahal izango luketeela", eta preso horiei erabaki bat hartzeko unea heldu zaiela. Idoia Mendiak esan du Brian Currin buru duen bitartekoen taldearen lana ez dela beharrezkoa, "euskal gizartea heldua da eta".

Konstituzioaren erreformaren inguruan, Mendiak adierazi du Alfredo Perez Ribalcabaren ekarpena "oso garrantzitsua" izan dela, erreforma hori "bide onetik" joateko. Idoia Mendiaren ustez, erreformak defizita murrizteko oreka bilatzen du, egonkortasuna lortzeko, baina, halaber, salbuespenak ere ezartzen ditu, beharrezkoa denean zorpetzeko aukera izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea