Politika -
Konstituzioaren erreforma
Zapaterok eskerrak eman dizkio Rubalcabari PSOEren laguntzagatik
Alderdiaren barruan PPrekin adostutako konstituzioaren erreforma "ia ahobatez" babestea lortzeko "funtsezko lana" egin izana eskertu dio Zapaterok Rubalcabari.
Erredakzioa
Gobernuko presidenteak, Jose Luis Rodríguez Zapaterok, esan duenez Konstituzioaren erreforma "premiazkoa" izan da, eta prozesu honen ostean, "inoiz baino gertutasun handiagoa" du Alfredo Pérez Rubalcabarekin, azaroaren 20ko hauteskundeetarako hautagai sozialistarekin.
Portugaleko lehen ministroarekin, Pedro Passos Coelhorekin egin duen prentsaurrekoan esan du hori Zapaterok, eta bide batez argi utzi nahi izan du CiUrekin elkarrizketak izango dituztela akordiorekin bat egin dezan. Hala ere, nazionalista katalanek proposatzen dituzten hainbat gauza erreforma proeiktuan "gehitzeko zailak" direla gehitu du zorrotz.
Alderdiaren barruan izan diren desadostasunei buruz galdetuta, hain azkar eta bat-batean egin den erreforma batean "eztabaidaren bizitasuna" agerian gelditzea normala dela esan du Zapaterok. Hala ere, alderdiaren barruan ia ahobatezko adostasuna egon dela eta hori Rubalcabari esker izan dela azpimarratu du. Eskerrak eman dizkio eta "inoiz baino gertuago daudela" adierazi du. Proposamenaren eztabaidan atzo Kongresuan CiUko bozeramaileak, Josep Antoni Duran Lleidak esandakori buruz, Gobernuko presidenteak gaineratu du beti "arretaz" entzuten dituela parlamentarien hitzak. Zapateroren ustez desadostasunak "interpretazioarekin du zerikusia batik bat, zuzena ez den interpretazio batekin, erkidegoen autogobernuan eta finantza-autonomian erreformak izango duen inpaktuaren inguruan". Bere ustez, erreformak ez du boterearen lurralde banaketarekin zerikusirik; legedian dagoena Konstituziora eramaterekin baizik, aurrekontuen egonkortasunaren printzipioa, administrazio ororen eginbeharra, idartzeko.
Gauzak bere onera bueltatzea eskatu du Zapaterok eta CiUrekin elkarrizketa egongo dela baieztatu du, nahiz eta Duranek proposatzen dituen hainbat gauza erreformaren prozesura "gehitzeko zailak" diren. Hala ere, tramitazioan akordioren batera iristeko ateak zabalik utzi ditu.
Dena den, diskurtso politikoetan "adjektibo gehiago ez erabiltzeko" eskatu du, atzo Duranek egindako agerraldia aipatuz, eta prozesu garrantzitsu honetan CiUren arduran konfiantza duela esan du. CiUk "harrotasunez beretzat duen duen moderazioari eustea" espero du.
Karta Magnaren aldaketak "konfiantzarentzat eta Espainiaren egonkortasun eta etorkizunarentzat emaitza positiboak" izango ditu bere ustez, gainera "babes handia" izango du adostasunean egin delako.
Martxan jartzeko epeak oso bat-batekoak izan direla onartu du, baina Espainiak "bizkortasun" hau behar duela azpimarratu du. Prozesua bukaeraraino eramatea,"demokraziarentzat hain baliagarria izan den Konstituzioaren ikuspegi berarekin jarraitzeko" espainiarentzat garrantzitsua dela esan du. Orain "erreforma oso baliogarria zaigu". "Konstituzioaren arabera bizi gara eta eskaini ditzakeen onurak eta, kasu honetan, gure herrialdearen ekonomiaren sinesgarritasunean izan ditzakeen onurak aprobetxatu behar ditugu".
Honengatik guztiagatik, eskerrak eman dizkie negoziaketan parte hartu eta erreforma hau babestu dutenei. Iritzi desberdina izan dutenei ere "ulertzen" dituela esan die, nahiz eta ez duen beren irzipidearekin bat egiten.