Politika -
Konstituzioaren erreforma
EAJren autodeterminazio-eskubidearen zuzenketa atzera bota dute
Diputatuen Kongresuko mahaiak zuzenketa baztertu izana "bidegabekeria" dela iritzi dio EAJk eta PPri eta PSOEri egotzi die autodeterminazioaren eztabaida baztertzea, eurentzat "tabua" delako.
Erredakzioa
Kongresuko Mahaiak EAJren eta ERCren zuzenketak baztertu ditu. PPk eta PSOEk administrazio publiko guztien defizita mugatzeko adostu duten erreforma aprobetxatuz, Karta Magnan herrien autodeterminazio-eskubidea sartzea proposatu zuten bi alderdiok.
Mahaiaren bileraren ondoren Kongresuko presidenteak, Jose Bonok, adierazi duenez, talde guztien proposamen guztiak aztertu dituzte; IUren osoko zuzenketa ere aztertu dute, baina atzera bota dute.
Ganberako Mahaiko kideak aurkeztutako 24 zuzenketetatik 6 atzera botatzea erabaki dute, Parlamentutik EFE albiste agentziari esan diotenaren arabera. Arrazoi nagusia 135. artikulua aipatzen ez dutela izan da (hori da erreformatu nahi dena), baita zuzenketek eskatzen zituzten aldaketak egiteko beste bide batzuk hartu behar direla ere, zenbait kasutan.
Bonok adierazi duenez, "irizpide eskuzabal eta bigunak” erabili dituzte zuzenketak baloratzeko.
EAJk "bidegabekeriatzat" jo du
Aitor Esteban jeltzaleak, PSOEri eta PPri autodeterminazioaren inguruko eztabaidak "tabua" izaten jarraitzen duelako debekatu izana egotzi die.
Kongresuko Mahaiak bi alderdi nagusien artean hitzartutako Konstituzioaren Erreformatik zuzenketa baztertu izana "bidegabekeriatzat" jo du Estebanek eta "harridura" agertu du.
Kongresuan emandako prentsaurreko batean, "PSOErentzat eta PPrentzat beti funtzionatzen du inbutuaren alde zabalak", gainerakoentzat, berriz, alde "estuena" bakarrik ezartzen da.
Dena den, EAJk autodeterminazio eskubidearen zuzenketari ukitu batzuk eman dizkio Diputatuen Kongresuak begi ona eman eta Kongresuko osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin.