Politika -
Donostia
Ekologistek "normaltasun berria" aldarrikatu dute Gladys del Estalen omenaldian
"Norbanako gisa eta gizarte gisa gauzak aldatu egin behar direla" erakutsi du koronabirusaren krisiak, horien aburuz, baina "ematen hasi diren pausoak, berriz, kontrako norabidean doaz".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Benetako normaltasun berria" aldarrikatu dute Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan plataformak larunbat honetan Donostian Gladys del Estal gazte ekologistari egindako omenaldian. 41 urte bete dira del Estal hil zela Tuteran, energia nuklearraren aurkako protesta batean Guardia Zibilak tiro eginda.
Gladys del Estal gogoratzeko urteroko ekitaldia Donostiako Cristina Enea parkean egin dute, eta COVID-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun neurriengatik baldintzatuta egon da.
Omenaldian zehar, manifestua irakurri dute deialdiaren antolatzaileek. "Osasun-krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen-, kontsumo- eta bizimodu aldaketa baten beharra", azpimarratu dute. "Aldaketa hori egin ezean, 'normaltasun berria' normaltasun zaharra baino ez da izango. Hori bai, maskararekin", gaineratu dute.
"Maskara horren atzean", ohartarazi dute, "krisi ekologikoa zorroztuko da, prekarietate eta desberdintasun sozialak areagotuko dira, herritarrak ahulagoak eta beldurtuagoak sentituko gara, eta, jakina, sentimentu horien anparoan, askatasuna murriztuko da, segurtasunaren edo, hobeto esan, sekurokraziaren hobe beharrez”.
"Norbanako gisa eta gizarte gisa gauzak aldatu egin behar direla" erakutsi du koronabirusaren krisiak, horien aburuz, baina "ematen hasi diren pausoak, berriz, kontrako norabidean doaz".
Amaitzeko, Zaldibarko zabortegian harrapatutako langileen senideei elkartasun osoa adierazi diete, luizia jazo zenetik lau hilabete betetzen direnean.