Politika -

Koronabirusa

Urkulluk alarma-egoera bertan behera utzi nahi du, eta 3 fasea datorren astean amaitu

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak esan duenez, "hori ahalbidetzen duten egoera epidemiologikoak ematen badira" lehendakariaren asmoa alarma-egoera bertan behera uztea litzateke.

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: EiTB
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailea
"Alarma egoera bertan behera uztea da lehendakariaren asmoa"

6:50

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak astelehen honetan jakinarazi duenez, autonomia erkidego bakoitzak "normaltasun berria" kudeatzeaz arduratzeko dekretua gaur bertan adosten saiatuko dira Espainiako Gobernuarekin; izan ere, bi aldeen arteko elkarrizketak "nahiko aurreratuta" daude.

Goizean, ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioan egindako elkarrizketan, Estebanek azaldu du Espainiako Gobernuak "ziurrenik bihar" onartu behar duela normaltasun berrirako dekretua; izan ere, "uharte batzuetan deseskalatze prozesuaren 3 fasea atzean utzi dute jada".

Dekretu berri horretan, Estebanen arabera, egoera berriaren kudeaketa "autonomia erkidegoen esku geratuko litzateke", eta "autonomia erkidegoen arteko garraioari, maskaren erabilerari eta bestelako neurri orokorrei buruzko neurriak ere" ezarriko lirateke. "Hitz egiten ari gara. Elkarrizketak nahiko aurreratuta daude, ea gaur adosten dugun testua", adierazi du.

Hala, EAJk Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, Iñigo Urkullu lehendakariak "alarma-egoera bertan behera utzi nahi du, eta 3 fasea datorren astean amaitu, hori ahalbidetzen duten egoera epidemiologikoak ematen badira".

"Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berak Kongresuan argi eta garbi esan zuenez, autonomia erkidego batek alarma-egoera bertan behera uztea erabakiko balu, normaltasun berrira pasatuko ginateke, 3 fasea gaindituz. Horrela, beraz, autonomia erkidegoen arteko mugikortasunaren oztopoak indarrik gabe geratuko lirateke", azaldu du.

Bestalde, Kongresuan egun dagoen "giro nahasi eta ez oso ona" deitoratu du Estebanek, nahiz eta "egoera oso partikularra" izan eta "bakoitzak bere posizionamendua" bilatu nahi izan duen.

Hala, EAJ "lehen unetik zentzuz jokatzen saiatu da, Espainiako Gobernuarekin akordioak lortzen saiatuz", azaldu du. "Hala egin genuen gutxieneko diru-sarrerari buruzko akordioarekin", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak