Politika -
Orain Senatura igorriko dute
Kongresuak Konstituzioaren erreforma onartu du
Diputatuen % 10 ez da egon bozketan. ERC, ICV, BNG eta NaBai aretotik irten dira eta CIUk, EAJk eta IUk ez dute parte hartu. Kontrako bost boz eta aldeko 316 izan dira.
Erredakzioa
Kongresuak gaur, larunbata, onartu du Konstituzioaren erreforma aurrekontuen inguruko arau bat ezartzeko, aldeko 316 eta kontrako 5 bozekin (horien artean bi sozialista, horietako batek huts egin du). Bozketa izan den momentuan diputatuen % 10 ez da egon aretoan.
Aldeko bozak PSOEren (Antonio Gutierrez eta Jose Manuel Bar Cendon izan ezik), PPren eta UPNren diputatuek eman dute eta kontrako botoak Coalicion Canariaren bi diputatuek eta Rosa Diez UPyDren buruak eman dute.
ERC, ICV, BNG eta NaBairen ordezkariek aretotik alde egin dute bozketaren ordua heldu denean; bozketan, diputatuen hiru bosten baino gehiagok oniritzia eman diote Konstituzioaren 135. artikulua erreformatzeko ekimenari.
Gaspar Llamazares IUren diputatuak PSOEk, PPk eta CiUk elkarren artean adostutako zuzenketa biri ezetz esan ostean, ez da zuzenketarik onartu.
Edonola ere, CiUk, aurreko astelehenean esan bezala, ez du bozketan parte hartu, eta gaur gauza bera egin dute EAJk eta Llamazaresek berak.
PSOEren beste hiru diputatuk (Jose Antonio Perez Tapias, Manuel de la Rocha eta Juan Antonio Barrio de Penagos) aretotik alde egitea erabaki dute, erreformarekin bat ez zetozelako.
Behin onartuta egonda, parlamentariek 15 eguneko epea izango dute erreferendum bat egiten saiatzeko, baina horretarako diputatuen edo senatarien % 10en babesa beharko dute.
EAJk ez du bozkatuEAJren sei diputatuek ez dute Konstituzioaren erreformaren bozketan parte hartu, alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Josu Erkoreka alderdiaren bozeramaileak esan duenez, taldeek aurkeztutako zuzenketak arbuiatzea "astakeria" izan dela salatu du, PSOE eta PPren "sektakeria eta bazterketa erakutsiz".