Itxi

Politika

Gutxieneko diru-sarrera

Kongresuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera baliozkotu du, kontrako botorik gabe

Agentziak | Erredakzioa

Vox abstenitu egin da. Gainera, Ganberak adostu du araua lege-proiektu gisa tramitatzea; beraz, aldaketak edukian zuzenketa bidez egin ahalko dituzte.

1:34
Diputatuen Kongresua / EFE

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera sortzen duen Espainiako Gobernuaren lege-dekretua baliozkotu egin du Diputatuen Kongresuak. Parlamentu-talde guztiek aldeko botoa eman dute, Voxek izan ezik; izan ere, azken hori abstenitu egin da. Halaber, Ganberak adostu du araua lege-proiektu gisa tramitatzea; beraz, aldaketak edukian zuzenketa bidez egin ahalko dituzte.

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarren eta Gizarte Eskubide eta 2030 Agendako ministroak, eta Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Espainiako ministroak aldeztu dute, batera, testua. Esan dutenez, egun, COVID-19ak sortutako osasun-krisiaren erdian, "ernegazio-giroa" dago Espainiako politikan; bada, arau hau da, haien iritziz, ernegazio horri aurre egiteko "txertorik onena".

Iglesiasek deitoratu du "amorragarria" izan dela entzutea, azken hilabeteotan, oposizioko alderdi batzuek "ordainketatxoa ('paguita')" deitu izan diotela neurri honi. Hitz horrekin, Iglesiasen iritziz, "hozkailua betetzeko, eta gutxieneko duintasuna lortzeko ahaleginak egin behar dituzten herrikideei", errespetua galdu diete.

Bere aldetik, Escrivak eskatu du prestazio hau ez jotzea talde jakin batzuei zuzendutako politikotzat, baizik eta aseguru kolektibo gisa: "Gabezia material handiak dituzten pertsonak salbatuko ditu, eta horien gizarte-integrazioa bultzatutako ditu". Halaber, aurreratu duenez, ekainean bertan 300.000 bat lagunek jasoko dute laguntza hori.

Vox da aldeko botoa eman ez duen alderdi bakarra. Salatu duenez, PSOEk Unidas Podemosekin duen Gobernu akordioari aipamena eginez, gutxieneko diru-sarrera hau "deabruarekin ituna egin izateagatik" ordaintzeko zenbatekoa da. Voxen esanetan, neurria "oso garesti" irtengo da, "babes-sistema heriotza-arriskuan jartzen baitu". Horrez gain, salerosketaren biktimentzako salbuespenari erreparatuta, Voxek honekin parekatu egin du hori: "Pateran iristen diren guztiak onuradunak izango direla esatea bezalakoa da".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena