Politika -

Urteurrena

Urtebete ETAk atentatuak bertan behera utzi zituela

Aurki erakunde terroristak indarkeria utziko duen zurrumurruak han eta hemen daudela iritsi da "eraso ekintza armatu"en amaieraren urteurrena.

Urtebete ETAk atentatuak bertan behera utzi zituela

01:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete, ETAk bertan behera utzi zituen "eraso ekintza armatuak". Lehen urratsa izan zen, eta harrezkero gehiago egin ditu, baina oraindik ez da heldu iragarpen garrantzitsuena: indarkeriaren behin betiko amaiera.

Erakunde terroristak BBCri igorritako bideo batean egin zuen iragarpena, 2010eko irailaren 5ean, baina mezu horretan ez zuen zehaztu erabakia zertan zetzan eta etenaldia aldi baterakoa edo iraunkorra den. Orduan, ETAk 14 hilabete zeramatzan atentaturik egin gabe.

Harrezkero, ezker abertzaleak indarkeriatik aldentzeko prozesuan aurrera egiten jarraitu du, pausoz pauso. Hala, Bateragune auziko epaiketan, Arnaldo Otegik adierazi zuen indarkeria "soberan" dagoela eta "oztopo" dela.

ETAk lehen iragarpena egin eta 20 egunera, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak Gernikako Akordioa sinatu zuten. Adierazpen horretan, "su eten iraunkorra" egitea eskatu zioten ETAri, eta "prozesu demokratikoa" abiatzea Espainiako Gobernuari.

ETAk lau hilabete behar izan zituen Gernikako Akordioaren deiari erantzuteko eta iraileko erabakiari azalpenak gaineratzeko: 2011ko urtarrilaren 10ean, "su eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria" iragarri zuen.

Apirilean garrantzi handiko bi albiste etorri ziren: estortsioaren amaiera, hots, "iraultza zerga" delakoaren amaiera, eta Frantzian ETAko kideen eta jendarmeen artean izandako tiroketa bat.

Orain, "kale borroka" erasorik gabeko uda historikoaren ostean heldu da lehen iragarpenaren urteurrena. Une honetan, gainera, aurki ETAk indarkeria behin betiko utziko duen zurrumurruak daude han eta hemen, politikarien artean eta hedabideetan.

Barne Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ez dute baztertzen ETAk beste agiri bat publikatzea laster, baina ez armak uzteko.

Azken urtean, ezker abertzalea itzuli egin da erakundeetara, Bildu koalizioaren bitartez, baina Auzitegi Konstituzionalak Sortu alderdi berria legeztatuko duen zain dago oraindik.

Hurrengo asteetarako beste albiste garrantzitsu bat espero da: Bateragune auziko epaia, Arnaldo Otegik espetxean jarraituko duen edo aske geratuko den ezarriko duena.

Bien bitartean, ETAk amaiera noiz iragarriko zain, Bilduren partetik mugimendu gehiago espero dira, terrorismoaren biktimak aintzatestea, kasu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea