Politika -

ETA

389 urteko zigorra Iurgi Garitagoitiari, hilketa saiakeraren 25 delitugatik

Auzitegi Nazionalak ETAko kidea zigortu du, 2009an Hernanin “ahalik eta ertzain gehien harrapatzeko asmoz” lehergailu bat eta bi bonba tranpa jarri zituztela eta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 389 urteko espetxe zigorra ezarri dio Iurgi Garitagoitia ETAko kideari, 2009ko urtarrilean Hernaniko telefonia hedagailu batean lehergailu bat eta inguruan, lehen eztandaren ostean agertuko ziren ertzainak jotzeko asmoz, bi bonba tranpa jartzeagatik.

Zigor arloko hirugarren atalak idatzitako ebazpenaren arabera, hilketa terroristaren 25 delitu egin ditu Garitagoitiak, saiakera mailan, eta kalte terroristak egiteagatik eta lehergailuak edukitzeagatik ere zigortu du; zigorraren gehiengo betetze maila 20 urtean ezarri dute.  

Garitagoitia joan den astean epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, Frantziak behin-behinekoz espainaratuta, bertan zigorra betetzen ari baita, ETAko kidea izanik gaizkide taldea osatzeagatik.  

Epaimahaiak Fiskaltzak eskatutako zigorra berretsi du, eta frogatutzat jo du Garitagoitiak, Ezuste taldea osatzen zuela, lehergailuak prestatu eta jarri zituela, Joanes Larretxea Mendiola eta Manex Castro gertakari hauengatik aurretik epaitutako kideekin batera.

Lehergailuetako batek, Santa Barbara Hernaniko muinoko hedagailuaren ondoan jarritakoak, 2009ko urtarrilaren 16an goizaldeko ordu batean egin zuen eztanda, eta beste biak teknikariek indargabetu zituzten goizeko lehen orduetan.

Lehenengo lehergailuak ez bezala, bi bonba horiek metraila asko zeukaten; sastraka artean ezkutatuta zeuden, bidearen alde banatan, lotzen zituen haria mugitzean lehertzeko prest (dispositiboak ez zuen funtzionatu); batek, gainera, tenporizadore bat zuen konektatuta, 03:30ean leher zedin, baina konexio akats bat egon zen.

Epaiketan, Garitagoitiak aitortu zuen taldeak eskatutako lehergailuetako bat egin izana, eta hala frogatuta gelditu zen bere DNA arrastoak topatu baitzituzten lehertu ez ziren bi lehergailuetan, baina esan zuen taldeko beste kide bati eman zizkiola eta ez zekiela bonba tranpa gisa erabili behar zituztela.

Garitagoitia, beraz, hilketa saiakeraren 25  delitugatik zigortu dute, 2009ko gau hartan 25 pertsona bertaratu baitziren leherketa izan zen ingurura, ertzainak, teknikariak eta udaltzainak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Hernani albisteak ETA Eguneko albisteak Albisteak