Politika -

Hezkuntza Katalunian

Katalunian kosta ahala kosta eutsiko diote irakaskuntza ereduari

Kataluniako Gobernuak katalanez ikasteko murgiltze-ereduari eutsiko diola ziurtatu du gaur. Hala ere, ez duela Alderdi Popularra alde batera utziko baieztatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Kataluniako Gobernuak kosta ahala kosta murgiltze linguistikoaren eredua mantenduko du" esan du Kataluniako Gobernuko bozeramaileak, Francesc Homsek, "altxor" bat delako, eta "gainditu ezin den marra gorria" delako. Hala ere, Alderdi Popularra beste gai batzuetarako baztertuko ez dutela esan du.

Kataluniako Gobernuaren gaurko bileraren ostean, Homsek esan du tribunalak diotena diotela, Generalitateak ez duela "milimetro bat bera ere" emango, berme demokratiko "ikaragarria" duen hezkuntza sisteman. Gizarte katalanaren "kohesioari" mesedegarri zaiola eta "balio pedagogiko" handia erakutsi duela esan du.

Nahiz eta Kataluniako ezkerrak CiUri behin eta berriro esan dion Alderdi Popularrarekin harremanak hausteko ,Gobernuak "alderdikeriaz" jokatuko ez duela azpimarratu du, eta adosteko dauden akordio zehatzetarako, Kataluniako aurrekontuetarako adibidez, ateak itxiko ez dituela adierazi du.Katalana esparru zientifikoan

Zientzia eta Teknologia ministroak, Cristina Garmendiak esan du katalana ez dela zientzialariak erakartzeko oztopoa, "gai eta eremu hauetan hizkuntza ingelesa delako".

Kataluniako zientzia laborategi handietan geroz eta gehiago ingelesa erabiltzen dela kontutan hartuta, hau adibidea dela esan Garmendiak. Horregatik, talentua erakartzeko garaian hizkuntzak ez duela eraginik argudiatu du."Hainbat hizkuntza dauden herrialde batean bizi gara eta orain arte ongi moldatu garela uste dut" esan du ministroak. "Zientzia arloan gainera, hizkuntza nagusia ingelesa da, dudarik gabe", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak