Politika -

GAL

Atzera eginda, Unidas Podemosek Kongresuan GAL ikertzea babestuko duela iragarri du

Pablo Echenique Unidas Podemoseko Kongresuko bozeramaileak ostegunean esan zuen ez duela beharrik ikusten Felipe Gonzalezek GAL taldearekin izan zuen lotura ikertzeko.

Pablo Echenique Unidas Podemoseko Kongresuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Pablo Echenique Unidas Podemoseko Kongresuko bozeramailea.
Pablo Echenique Unidas Podemoseko Kongresuko bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unidas Podemosek atzera egin du eta Kongresuan GAL taldeari buruzko ikerketa batzorde bat eratzea babestuko duela iragarri du ostiral arratsaldean.

Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GAL taldearekin izan zuen lotura argitzeko Kongresuan batzorde bat osatzeko eskaria erregistratu dute aste honetan EH Bilduk, EAJk, ERCk, JxCatek, CUPek eta BNGk.

Atzo, Pablo Echenique Unidas Podemoseko Kongresuko bozeramaileak esan zuen ez zuela ikerketa hori abiatzeko beharrik ikusten, "garai ilun hartan zer gertatu zen mundu guztiak badakielako".

Adierazpen horrek hautsak harrotu zituen eta koalizioaren baitan  jarrera ezberdinak daudela azaleratu zuen; izan ere, Elkarrekin Podemosek agiria kaleratu zuen ikerketa batzordearen beharrizana azpimarratuz, "Felipe Gonzalezek GALen izan zuen papera zein izan zen behingoz argitzeko" eta talde horren biktimei "egia, justizia eta erreparazioa" zor zaielako.

Gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan, Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai izandakoak eta GALek bahitu, torturatu eta hil zuen Joxi Zabalaren arrebak publikoki adierazi du bere haserrea eta ikerketa batzordea sortzeko ekimena babestu ez duela aurpegiratzeko Pablo Iglesiasi deitu diola jakinarazi du.

Testuinguru honetan, Echeniquek mezu bat argitaratu du Unidas Podemosek Kongresuan GAL ikertzea babestuko duela iragarriz. Hori bai, ekimen horren atzean interes alderdikoiak daudela adierazi du, EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperatan aurkeztu delako.  

Halaber, berretsi egin du Ameriketako Estatu Batuetako inteligentzia agentziak (CIA) 80eko hamarkadan egin zuen ikerketari buruzko txostenak "ezer berririk" erakusten ez dutela.  GAL taldea sortzeko agindua Felipe Gonzalezek eman zuela dio CIAk.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Eguneko albisteak Albisteak Podemos Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa Pili Zabala Terrorismoaren Biktimak Felipe González Márquez GAL