Itxi

2020/06/23

11:45

Politika

Felipe Gonzalez eta GAL

Kongresuak ez ditu Felipe Gonzalez eta GAL ikertuko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Felipe Gonzalezek GAL taldearekin izan zuen lotura argitzeko ikerketa batzordea eratzea eskatu zuten EH Bilduk, EAJk, ERCk, JxCatek, CUPek eta BNGk. PSOEk, PPk eta Voxek atzera bota dute proposamena.

  • Kongresuko Mahaiaren bilera.

    Kongresuko Mahaiaren bilera. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GAL taldearekin izan zuen lotura ikertzeko EH Bilduk aurkeztu zuen eskaria atzera bota du Kongresuko Mahaiak.

Kongresuko zerbitzu juridikoek ikerketa batzorde hori sortzea legezkoa zela ebatzi zuten, baina, hala ere, PSOEk, PPk eta Voxek ekimena geldiarazi dute. Mahaian ordezkaritza duen Unidas Podemosek soilik bozkatu du proposamenaren alde.

Felipe Gonzalez ikertzeko ekimena EH Bilduk jarri zuen mahai gainean, Ameriketako Estatu Batuetako inteligentzia agentziak (CIA) 1984an egindako ikerketaren berri izan ostean. CIAren dokumentuaren arabera, Espainiako Gobernuko presidente ohiak agindu zuen GAL sortzea ETAri "legez kanpo" aurre egiteko.  

GALi buruzko ikerketa batzordea sortzeko proposamena ERC, EAJ, JxCat, CUP, BNG eta Unidas Podemos taldeen babesarekin erregistratu zuen EH Bilduk.

Edonola ere, koalizio soberanistak ez du amore eman eta Gonzalezen agintaldiko hiru Barne ministroen agerraldia eskatu du orain: Jose Barrionuevorena, Juan Alberto Bellochena eta Jose Luis Corcuerarena.  

Halaber, Rafael Vera Estatuko idazkari ohiak eta Baltasar Garzon epaileak ere azalpenak eman ditzatela galdegin du.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak aurreratu duenez, Senatuan eskari bera erregistratuko dute.

Unidas Podemosek ere kritikatu du Kongresuko Mahaiaren erabakia eta esan du GALen biktimei "errespetua" zor zaiela eta garai hartan "gertatu zen guztia argitu" behar dela.  

Bestalde, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak azpimarratu du "PSOE harro" dagoela "Gonzalezek bere agintaldian lortutakoaz". GALen atentatuak eta hilketak "duela 30 urte baino gehiago" izan zirela eta gertakari haiengatik ebazpen judiziala emanda dagoela erantsi du, ikerketa batzordea beharrezkoa ez dela argudiatzeko.

Margarita Robles Defentsa ministroaren iritzian, "koronabirusak eragindako krisi honen baitan GAL ikertzen hastea ez da komenigarria". GALen aurka "irmotasunez" borrokatu zuela ere nabarmendu du, 1994tik 1996ra bitartean Barne Estatu idazkaria izan zela gogoratuta.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;