Itxi

Politika

EiTB Focus

EAJk 32 legebiltzarkide lortuko lituzke U12ko hauteskundeetan

EiTB.EUS

Azken 36 urteetako emaitza onena izango litzateke jeltzaleentzat. EH Bilduk eserleku bat irabaziko luke, bigarren postuan 19 legebiltzarkiderekin geratuta. Parte-hartzea % 61ekoa izango litzateke.

EiTB Focus inkestaren emaitzak

EAJk irabaziko lituzke uztailaren 12ko EAEko hauteskundeak, emaitza historikoarekin irabazi ere (1984tik lortutako onena), EH Bilduren eta PSE-EEren aurretik, nahiz eta horiek ere ordezkari kopuruan gora egin. Hogeita bigarren EiTB Focusen datuak dira. EiTB Taldeko makroinkestak EAEko hauteskundeei buruz galdetu die herritarrei oraingoan.

Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak deitu ondoren boto-asmoaren berri izateko egin den bigarren inkesta da EiTB Focus hau. Hauteskundeak apirilaren 5ean ziren egitekoak, baina, COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz, bertan behera utzi zituzten.

EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, 2016an baino lau eserleku gehiago eskuratuta, eta 1984an lortu zuen emaitza onena berdinduko luke. EH Bilduk bigarren postuari eutsiko lioke, Gipuzkoan beste ordezkari bat erdietsita. PSE-EE Eusko Legebiltzarreko hirugarren indarra izatera pasatuko litzateke 11 legebiltzarkiderekin.

Elkarrekin Podemos–IUk ez luke beherakada gelditzea lortuko, eta hiru eserleku galduko lituzke. PPk, berriz, Espainiako eskuindarren historiako emaitza kaskarrena lortuko luke Ciudadanosekin koalizioan. Voxek eta Equo Berdeakek ez lukete ordezkaririk lortuko, % 61eko parte-hartzea aurreikusten den hauteskundeotan.

EAJk eta PSE-EEk gehiengo oso nabarmena izango lukete Jaurlaritzako koalizioa errepikatzea erabakiz gero, baina Legebiltzarreko hiru alderdi ezkertiarrek, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos – EBk ere Eusko Legebiltzarraren erdia baino gehiago pilatuko lukete.

EAJ irabazle hiru lurraldeetan

Inkestaren arabera, EAJ Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan izango litzateke garaile. Hala, EAJk inoizko emaitza onena lortuko luke Araban bi ordezkari gehiagorekin, EH Bilduk bigarren postua kenduko lioke PPri, PSE-EE bosgarren postutik hirugarrenera igoko litzateke eserleku bat gehiagorekin, eta Elkarrekin Podemos–IUk bost puntu galtzea espero da. PP-Ciudadanos koalizioak botoen erdia eta bi legebiltzarkide galduko lituzke.

Bizkaian EAJk bere hegemonia indartuko luke 11 eserlekutik 12ra igota botoen % 45ekin. EH Bilduk bost ordezkariei eutsiko lieke botoen % 17rekin. PSE-EEk, ia hiru puntuko igoerarekin, ordezkari bat gehiago lortuko luke. Elkarrekin Podemos–IU laugarren postura jaitsiko litzateke, ordezkari bat galduta, eta PP-Ciudadanos koalizioak legebiltzarkide bakarra eskuratuko luke.

Gipuzkoan ere EAJk irabaziko luke, 10 ordezkarirekin, baina EH Bildu gertu izango luke bigarren lekuan, legebiltzarkide bat gehiago eskuratuko bailuke. PSE-EEk hiru ordezkariei eutsiko lieke, baina boto-asmoan gora eginda. Elkarrekin Podemos–IUk bost puntu egingo luke behera, legebiltzarkide bat galduta. PP-Ciudadanos koalizioak botoen % 5 lortuko lituzke soilik, ordezkari bakarra.

Uztailaren 12ko hauteskundeetako parte-hartzea % 61ekoa izango litzateke; eta abstentzioaren datua duela lau urtekoaren antzekoa izango litzateke. 2016ko hauteskundeetan parte-hartzea oso antzekoa izan zen, puntu bat txikiagoa, U12rako EiTB Focusek aurreikusi duenarekin alderatuta.

Hautagaien balorazioari dagokionez, Iñigo Urkulluk eta Maddalen Iriartek gainditu dute, eta Idoia Mendia gertu dago; Miren Gorrotxategiri, Jose Ramon Becerrari eta Carlos Iturgaizi 'gutxiegi' jarri diete herritarrek.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiaren aurrean egin duten kudeaketaz galdetuta, herritarrek 6,13ko puntuazioa eman diote Jaurlaritzari Pedro Sanchezen Gobernuaren kasuan, 5,64ko puntuazioa jaso du.

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.200 pertsona (Araban 400; Bizkaian 400; Gipuzkoan 400).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.

Inkesten % 23,9 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76,1, gaztelaniaz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2020ko ekainaren 17an eta 18an egin zuten telefonoz elkarrizketak eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 3,56koa izan zen: motzenak 3 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 10 minutu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena