Politika -

Hauteskunde orokorrak

NaBaik ez du A-20ko hauteskundeetan parte hartuko, Aralarren arabera

Zabaltzen, NaBaiko independenteak biltzen dituen elkarteak, bere aldetik, hauteskundeetan parte hartuko duela ziurtatu du eta gainerako alderdiei "koalizio handi bat" sortzeko deia egin die.

Argazkia: ETB.
Argazkia: ETB.
NaBaik ez du A-20ko hauteskundeetan parte hartuko, Aralarren arabera

01:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txentxo Jimenez Aralarren koordinatzaileak esan du Nafarroa Bai koalizioak ez duela parte hartuko hauteskunde orokorretan eta "ardura" eskatu die koalizioko kideei egungo legegintzaldirako dituzten "konpromisoei" eusteko.

Prentsaurreko batean Jimenezek azaldu duenez, Aralarrekoak atsekabetuta daude EAJk eta independenteek ez dutelako "ulertu" Bildurekin hauteskunde hitzarmena egiteak duen "indarra".

NaBaik eta Bilduk maiatzeko hauteskundeetan Nafarroan lortu zituzten emaitzekin, 50 parlamentaritik 15, eta UPNk eta PSNk osatutako koalizio Gobernuak, bi alderdien arteko ulermena eskatzen dutela uste du Jimenezek.

Horrez gain, Aralarren koordinatzaileak uste du oso garrantzitsua dela Bilduk bakegintzari eta normalkuntza politikoari egin dion ekarpena, eta ibilbide horretan Aralarrek "lagundu" egin nahi duela azpimarratu du.

Zabaltzen hauteskundeetan egongo da

Zabaltzen, NaBaiko independenteak biltzen dituen elkarteak, azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan parte hartuko duela ziurtatu du eta gainerako alderdiei "koalizio handi bat" sortzeko deia egin die.

"Zabaltzenek ez dio ezezkorik esan benetako Nafarroa ordezkatuko duen koalizio bati. Nafarroa Bairen zutarriekin bat egiten dugunok elkarrekin joango gara hauteskundeetan", adierazi du Koldo Martinez bozeramaileak prentsaurreko batean.

Martinezek esan du Zabaltzenek ez duela "dagoeneko zaila den egoera bat zaildu nahi", eta jada jendearekin, elkarteekin eta alderdiekin harremanetan jarri dela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea