Politika -
12. KONGRESUA
Esparza eta Sayas aurrez aurre, UPN alderdiaren presidentetzarako
Gaur egiten ari diren 12. Kongresuan aukeratuko dute datozen urteotan alderdia zuzenduko duen presidentea. 16:00etatik aurrera emango da jakitera bozketaren emaitza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
UPN alderdia bere 12. Kongresua egiten ari da gaur, Iruñean, eta, aurrera begirako bide-orria ezartzeaz gain, datozen urteotan alderdia zuzenduko duen presidentea aukeratuko dute militanteek. Bi dira hautagaiak: Javier Esparza alderdi erregionalistako egungo presidentea eta Sergio Sayas Kongresuko diputatua.
Martxoaren amaieran zen egitekoa Kongresua, baina COVID-19aren pandemia dela eta, ekainera atzeratzea erabaki zuten. Gaurko ekitaldiak ere, segurtasun neurri zorrotzekin egingo dituzte, eta, besteak beste, bozketa lekuak hainbat herritan jarri dituzte, jende pilaketak ekiditeko; Iruñean, Tuteran, Lizarran, Tafallan, Elizondon eta Kasedan UPNk dituen egoitzetan jarriko dituzte hautetsontziak.
Militanteen boto zuzenaren bidez aukeratuko dute presidentea, eta 16:00etatik aurrera emango da jakitera emaitza, Baluarte Jauregian egingo den ekitaldi batean.
Esparzak, bere aldetik, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Yolanda Ibañez UPNko idazkari nagusia ditu bidelagun bere hautagaitzan, presidenteorde kargurako aurrena, eta idazkari karguan jarraitzeko bigarrena.
Sayasek aurkeztu duen zerrendan, berriz, Raquel Garbayo da presidentordetzarako hautagaia, eta Maribel Garcia Malo, idazkari nagusi kargurakoa.
Lan-talde "berritzailea, eraginkorra, profesionala, gaitasun politiko handikoa eta anitza" duela defendatu du Esparzak. Horren hitzetan, militanteek erabakitako estrategia eta programa gauzatzeko hautagaitza da mahai gainean jarri duena.
Sayasek ere, lan-taldea osatzen dutenen "perfil aniztasuna" defendatu du. "Talde bateratzailea eta berritzailea, Nafarroa osoko herritarrekin osatutakoa: gazteak eta beteranoak, gure erkidegoko sektore ezberdinak ordezkatzen dituztenak", zehaztu du.