Politika -
Katalunia
Subiranotasun zabalagoaren bidea hasi dutela iragarri du Masek Diadan
Arratsaldeko manifestazioan, aurpegia estalita zuten batzuek Erregearen argazkia, Espainiako bi bandera eta Frantziako bat erre dituzte, manifestari batzuen txistuen artean.
Erredakzio
Subiranotasun zabalagoaren aldeko "trantsizio nazional kataluniarra" martxan dagoela iragarri du Artur Mas Generalitateko presidenteak. Martxa hori espero baino azkarrago gertatzen ari da, presidentearen esanetan, Kataluniako hizkuntzak eta autogobernuak jasotzen ari den erasoek bultzatuta, izan ere, jende gehiago tesi katalanisten alde egotea ekarri dute.
Mas irailaren 11ko Diadaren ospakizunetan izan da. Ekitaldiaren ostean adierazitakoaren arabera, nazionalisten aldekoak gero eta gehiago dira, batez ere epaitegiek irakaskuntza sistemaren kontra egindako mehatxua, PSOEk eta PPk "katalanen gehiengoa kontuan izan barik" konstituzioa erreformatzeko egindako hitzarmena eta bestelako gertaerei esker.
5.000 pertsonatik gora izan dira Generalitatak Bartzelonako Ciutadella Parkean antolatutako ekitaldian.
Marius Serra idazleak irakaskuntza sistema izan du hizketagai Diadan emandako hitzaldian, nahiz eta Kataluniako Auzitegi Gorenak oraindik gaztelaniaren aldeko epairik eman ez. "Egun daukagun irakaskuntza eredua inoiz baino gehiago behar dugu etorkizunari begira", esan du Serrak. Hitzaldia anagrama bat erabiliz bukatu du, "catalá" hitza alderantziz esanez: "catalá, a l'atac" (Katalana, erasora).
Bildutakoek gehien txalotu duten momentua izan da. Era berean, Serrak bere hitzaldia eten egin behar izan du segundo batzuetan, jendeak "Independencia!" etengabe oihukatzen zuelako.
Espainiako bandera erre dute
Arratsalderako deitutako manifestazioan, aurpegia estalita zuten zenbait pertsonak Erregearen argazkia, Espainiako bi bandera eta Frantziako bat erre dituzte.
Manifestazioan izan diren 10.000 pertsonetako batzuek txistuta hartu dituzte ekintza horiek euren gaitzespena adierazteko.
Jon Abril: 'Ez dira hizkuntza eskubideak errespetatzen"
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea ere Diadan izan da eta Kataluniako gizartearen independentziaren aldeko borondatea "nabarmena" dela adierazi du. Horrekin batera, "nazioen hizkuntza eskubideak errespetatzen ez direla" berriro agerian geratu izana deitoratu du.