Politika -

LAN-ERREFORMA

Lan-erreformaren harira egindako bigarren bozketa ez dute baliorik gabe utziko

EH Bildurentzat, lehenengoa da balio duen bozketa bakarra. PSOEk lehen bozketan emandako aldeko botoa "zuzendu" egin zuen ondoren, eta testua onartzea saihestu zuen horrela.

Diputatuen Kongresua. Irudia: EFE
Diputatuen Kongresua
Diputatuen Kongresua. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuan eratutako Berreraikuntza Batzordeko Mahaiak atzera bota du gaur egun indarrean dagoen lan-erreforma indargabetzeari buruzko zuzenketaren bigarren bozketa baliogabetzeko EH Bilduk egindako eskaera, ostiral honetan berriro bozkatzeko aukera dutela arrazoituta. PSOEk atzera egin zuen atzo Kongresuan, eta bozketa errepikatzea lortu ostean, 2012ko neurria indargabetzearen kontra bozkatu zuen.

Patxi Lopez organo horretako presidenteak ostiraleko bilkuraren hasieran eman dituen azalpenen arabera (Berreraikuntza Batzordeak gaur amaitzen ditu bere lanak), Behe Ganberako abokatuek gai horri buruz egin duten txostena oinarri hartuta, lau lantaldeetako batean hartutako erabakia denez "talde horrek bakarrik baliogabetu ahalko luke bozketa", baina ezin du, deseginda dagoelako jada.

Horrela erantzun dio PSOEko zuzendaritza exekutiboko kideak Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileari. Aizpuruak bigarren bozketa bertan behera uzteko eskatu du berriro, eta Mahaiaren erabakiaren berri izan ostean, bere "desadostasuna" adierazi du, EH Bilduren zuzenketak bloke ekonomikoaren oinarrizko testuan egon beharko lukeela iritzita.

Zehazki, EH Bilduk idatzi bat aurkeztu zuen atzo Berreraikuntza Batzordeko Mahaian, PPren lan-erreforma indargabetzeko bere zuzenketaren bigarren bozketa bertan behera uztea eskatzeko; izan ere, PSOEk lehen bozketan emandako aldeko botoa "zuzendu" egin zuen ondoren, eta testua onartzea saihestu zuen horrela. Bigarren bozketa PSOEk berak eskatu zuen, lehen bozketako botoa "akatsa" izan zela eta, beraz, baliogabea zela argudiatuta.

EH Bildurentzat, lehenengoa da balio duen bozketa bakarra, lan-erreforma indargabetzea aldeko 177 botorekin, kontrako 107rekin eta 8 abstentziorekin onartu baitzen.

PSOEk lan-erreforma osorik indargabetzea adostu zuen EH Bildurekin eta Unidas Podemosekin

PSOEk akordioa lortu zuen EH Bildurekin eta Unidas Podemosekin PPren lan-erreforma osorik indargabetzeko. Akordio horri esker, EH Bildu abstenitu egin zen alarma-egoera luzatzeko bozketan.

Itun horretan oinarrituta, toki-, foru- eta autonomia-erakundeek gastu-ahalmen handiagoa izango lukete krisiaren ondorio sozialak arintzeko politika publikoetan. PSOEk eta Unidas Podemosek konpromisoa hartu zuten toki-erakundeen gizarte-politiketako gastuak gastu-arauaren zenbaketatik salbuesteko, eta EAEren eta Nafarroaren zorpetze-ahalmena beren finantza-egoeren arabera soilik ezartzeko.

Horren truke, EH Bilduk Kongresuan dituen bost diputatuak abstenitu egin ziren, alarma-egoeraren bosgarren luzapena onartzea ez oztopatzeko.

Akordioak zalaparta sortu zuen eskuineko alderdien artean eta CEOE patronalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lan Erreformaren Legea Politika PSOE Lana Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak