Publizitatea
Itxi

2020/07/06

16:59

Politika

EiTB Focus

Araba giltzarri, Voxek Legebiltzarrean eserleku bat lor dezan U12ko hauteskundeetan

EITB.EUS

EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak eta EH Bildu bigarren indarra izango litzateke. PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta PPren eta Ciudadanosen koalizioak osatuko lukete ganbera, hurrenkera horretan.

8:59
EAJ izango litzateke garailea. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Voxek ordezkari bat lor lezake Eusko Legebiltzarrean igande honetan egingo diren hauteskundeetan. Eskuin muturreko alderdiak legebiltzarkide bat lortuko luke Araban hogeita hirugarren EiTB Focus inkestaren arabera. EiTB Taldearen makroinkestak boto-asmoaren inguruan galdegin dio euskal gizarteari.

EiTB Focusen datuen arabera, EAJk hauteskundeak irabaziko lituzke eta orain lau urte lortutako emaitza hobetuko luke lau ordezkari gehiagorekin. Jeltzaleek 31 eta 32 eserleku artean lortuko lituzkete. EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke eta ordezkari bat gehiago lor lezake, 18 edo 19 lortuta. PSE-EE izango litzateke hirugarren indarra eta ordezkari bat edo bi gehiago lor litzake, 10 edo 11raino. Elkarrekin Podemos-IUk indarra galduko luke; hiru legebiltzarkide galdu eta 8 lortuko lituzke. PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioak ere atzerakada handia jasango luke eta hiru ordezkari gutxiago lortuko lituzke, bost denera.

EiTB Taldearen inkestaren arabera, EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioak gehiengo osoa izango luke Legebiltzarrean. Daturik txarrenak lortuta ere, gehiengo osoa izango luke koalizioak, 41 legebiltzarkiderekin. Ezkerreko alderdien arteko hirukoak, berriz, ez luke gehiengorik lortuko, EH Bilduk eta PSE-EEk eserleku bat izango bailukete jokoan Gipuzkoan.

Igande honetan egingo diren hauteskundeetarako % 61,1eko parte-hartzea aurreikusi du EiTB Focusek.

Lurraldekako datuak.

Datuak lurraldez lurralde aztertuz gero, Voxek ordezkaritza lortuko luke lehen aldiz Eusko Legebiltzarrean. Araban lotuko luke ordezkaria, eta EAJrekin lehiatuko luke azken aulkia. EAJk gehiengoa izango luke; 9 eta 10 eserleku artean lortuko lituzke. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra lurralde horretan, bost legebiltzarkide izaten jarraituko bailuke. PSE-EEk ordezkari bat gehiago lortuko luke. Elkarrekin Podemos-IUk bost puntu eta eserleku bat galduko lituzke Araban, eta PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioa bosgarren lekuan geratuko litzateke, hiru aulkirekin.

Bizkaian, EAJk hamabigarren ordezkaria eskuratuko luke. EH Bilduk emaitzak hobetu lituzke; boto-asmoa hobetuko luke, eta lurralde horretan bost ordezkari izaten jarraituko luke. PSE-EEk gaur egun dituen hiru aulkiei eutsiko lieke. Elkarrekin Podemos-IUk eserleku bat galduko luke, eta PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioak orain lau urte lortutako ordezkariari eutsiko liokete. Bizkaiko azken eserlekua EAJk eta EH Bilduk lehiatuko lukete.

Gipuzkoan ere, EAJ izango litzateke lehen indarra, EiTB Focusen arabera. Eserleku bat gehiago lortuko luke eta hamarrera igo. EH Bilduk 8 eta 9 ordezkariren artean lortuko lituzke, eta PSE-EEk, 3 eta 4ren artean. Elkarrekin Podemos-IUk ordezkari bat galduko luke, PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioak bezala. EH Bilduk eta PSE-EEk lehiatuko lukete lurralde horretako azken aulkia.

Liderren balorazioa

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdien hautagaien inguruan ere galdegin die EiTB Focusek herritarrei. Iñigo Urkulluk eta Maddalen Iriartek gainditu dute bosteko langa: lehenak 6,15eko emaitza lortu du eta bigarrenak 5,48koa. Idoia Mendia, Miren Gorrotxategi, Jose Ramon Becerra eta Carlos Iturgaiz bostetik behera geratu dira.

Uztailaren 12ko hauteskundeak COVID-19 gaixotasunak baldintzatuta egingo dira. Hori dela eta, posta bidezko botoak nabarmen egin du gora. EiTB Focusek aukera hori baliatu duten herritarrei galdetu die ea zergatik egin duten aukera horren alde. Galdetutakoen % 46,6k esan dute oporretan egongo direlako eman dutela posta bidez botoa, eta % 32k gaixotzeko beldurra erabili dute argudio nagusitzat.

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.200 pertsona (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.

Inkesten % 25,3 euskaraz egin dira, eta gainerako % 74,7, gaztelaniaz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2020ko ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean egin zuten, telefonoz elkarrizketak eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 3 minutu eta 38 segundokoa izan zen: motzenak 3 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 7 minutu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena