Politika -
Ondarearen gaineko Zerga
Ondarearen gaineko zerga berrezartzeko prest azaldu da Urkullu
Estatuak indarrean jartzen badu EAJ euskal erakundeetan 'instant batean' ezartzeko prest azaldu da.
Erredakzioa
Ostiral honetan Gobernuak ondarearen gaineko zerga berreskuratzen badu, "hurrengo minutuan bertan" eurek gobernatzen duten instituzioetan, Bizkaiko Foru Aldundian esaterako, ezartzeko prest dagoela adierazi du EAJko presidenteak, Iñigo Urkulluk, gaur, asteartea, RNE irrati katean izan duen elkarrizketan. "Edozein eratako leku aldatzeak ekiditeko" esan du Urkulluk. Hala ere, zerga horrek dirua biltzeko "oso eragin txaikia" izango duela uste du.
Krisia "oso gordina" dela aitortu du, baina aurretik horren antzeko egoeretan "alderdiak ados jartzeko gai izan gara" azpimarratu du
Horregatik, ongizatearen estatua mantentzeko, politika publikoetan, politika fiskalean, eta zerbitzu sozialen jasangarritasuna bermatzeko moduan, indarrak batzeko prest azaldu da Urkullu.
Hauteskunde orokorrak
Bestalde, datozen hauteskunde orokorren ostean ere bere alderdia "hitz egiteko prest egongo da" esan du, "nahiz eta PPk gehiengo osoz irabazi". Azaroaren 20an boto gehien lortzen dituen alderdiarekin negoziatzeko prest dagoela adierazi du Urkulluk, "krisi egoera honetan lidergoa beharrezkoa baita".
"Hauteskunde orokorretara aurkeztu ahal badu, eta hori nahi badu behintzat", Bilduk "ziur" Kongresuan ordezkaritza lortuko duela iragarri du.
Koalizioari "Kongresuan eta Senatuan presentzia egonkorra eta iraunkorra" izatea eskatu dio, eta ez izatea soilik "koalizioaren helburu alderdikoiak lortzeko".
ETAren amaiera
Urkulluren ustetan, ez du balio ezker abertzaleak ETAk armak utzi dituela ziurtatzea, eta ekintza guztien behin betiko amaierarekin komunikatu bat ateratzeko eskatu dio ETAri.
Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagiaren adierazpenen harira esan ditu hitz horiek Urkulluk. "Ezker abertzaleko bozeramaile batek ETAk erabakia hartu duela esatea ez da ezer niretzat. ETAk erabakia hartu badu, zergatik ez du euskal gizartearen eskakizuna betetzen armak behin betiko utzita?".
Eudel
Iñigo Urkullu EAJko buruak adierazi duenez, bere alderdia Bildu akordiora batzen saiatu zen, baina Eudel, Euskadiko udalerrien elkartea zuzentzeko EAJk, PSEk eta PPk osatutako hautagaitzatik kanpo geratzea erabaki zuen hark.
EAJk, PSEk eta PPk atzo berretsi zuten taldearen hautagaitza aurkezteko akordioa. Ibone Bengoetxea (EAJ) izango da zerrendaren buru, presidentetza hartuko du, eta Jose Antonio Santano (PSE) Irungo alkatea eta Javier Maroto Gasteizkoa izango dira presidenteordeak, hurrenez hurren.
Hori publiko egin ostean, Bilduk EAJren, PSEren eta PPren arteko akordioak erakunde horretatik "kanpo" utzi nahi zutela salatu zuen, nahiz eta EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleko independentistek osatutako koalizio horrek Euskadiko udalerritan zinegotzi gehien lortu zituen formazioa izan.
Bilduri ez zaiola betoa jarri esan du Urkulluk, eta alderdiak erakutsi duen "biktimismoa" kritikatu du, sozialistekin eta 'popularrekin' negoziatzea leporatu zion EAJ udalerrietako erakunde batzuetatik "joanarazteko".