Politika -
Azken hitzaldia
Senatuaren erreformak dituen oztopoak deitoratu ditu Zapaterok
Senatuari agur esan dio Zapaterok. Pio Garcia Escudero PPko bozeramaileak Gobernuko presidenteari zortea opa dio.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak agur esan dio gaur Senatuari. Ganberaren erreformak aurkitu dituen oztopoak azpimarratu ditu Zapaterok. Hala ere, herrialde demokratiko batean Diputatuen Kongresua eta Senatua bizitza publikoaren erdigunea direla berretsi du agintariak.
"Une historiko egokia da erakundeak aldarrikatzeko, defendatzea asko kostatu zaigulako eta herrialdeari asko eman diotelako", nabarmendu du Gobernuko presidenteak kontrol saioan, Senatuan.
PPko bozeramailearekin eztabaida beroak izan ditu Zapaterok iraganean, baina gaurkoa adeitsua izan da. Pio Garcia Escudero PPko bozeramaileak Gobernuko presidenteari zortea opa dio gaurkoan. Era berean, agur esan eta errespetua adierazi dio Zapaterori PPko ordezkariak.
"Onena opa dizut, baina bakarrik arlo pertsonalean, eta ez politikoan, izatea ulertu behar duzu", erantzun dio Zapaterok irribarretsu.
Azken bi legealdietan Senatuak izandako ibilbidea errepasatu dute Garcia Escuderok eta Zapaterok. Ganberaren erreforma etorkizunean aurrera ateratzeko borondatea agertu dute bi politikariek, baina Gobernuko presidentea ez da oso baikor azaldu.