Politika -
Larunbatean, Donostian
Agente sozial ugarik babestu du presoen eskubideen aldeko martxa
Ezker abertzalea, Alternatiba, EA, Aralar eta AB alderdiek, LAB, HIRU, EHNE, ESK, STEE-EILAS sindikatuek eta Lokarri eta Bilgune Feminista elkarteek egungo kartzela politika salatuko dute.
Erredakzioa
Ezker abertzalea, Alternatiba, EA, Aralar eta AB alderdiek, LAB, HIRU, EHNE, ESK, STEE-EILAS sindikatuek eta Lokarri eta Bilgune Feminista elkarteek bat egin dute Egin Dezagun Bidea ekimenak larunbatean Donostian presoen eskubideen alde deitu duen manifestazioarekin eta egungo kartzela politika salatu dute, "mendeku, xantaia eta erabilpena" baztertu behar dituelako.
Aitziber Blanco Lokarriren ordezkariak eta Ainhoa Larrabe Euskal Herriak bere Eskolakoak prentsaurrekoa eman dute Donostian manifestazioari babesa emateko. Era berean, euskal gizarteari parte hartzeko deia egin diote. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik 'Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira' lelopean.
Larraberekin eta Blancorekin batera Rebeka Ubera Aralarreko batzarkidea, Ikerne Badiola foru diputatua, Mattin Troitiño Etxeratekoa, Jabi Garnika LABekoa eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea egon dira, bestak beste, prentsaurrekoan.
Euskal presoek Espainiako eta Frantziako kartzeletan "pairatzen" duten egoera salatu ostean, presoen eskubideak errespeta daitezen lan egiteko konpromisoa berretsi dute, egungo kartzela politikak "errepresio izaera gainditu arte". Bozeramaileen esanetan, "indarrak batzea ezinbestekoa da" kartzela politika amaitzeko.
Gainera, irakurri duten adierazpenean euskal presoak eskubide guztien jabe euskal herriratzea, 'Parot dotrina' deiturikoa deuseztea eta gaixo dauden presoak askatzea eskatu dute.